Neurriak zorroztu dituzte Ipar Euskal Herrian

Leku publikoetan sei pertsona baino gehiago biltzea debekatuko dute bihartik aitzina. Eric Spitz prefetak erran du Ipar Euskal Herrian ez dela etxeratze agindurik izanen, baina abisatu du egoera okertzen bada aste erditsuan neurriak are gehiago zorroztuko dituztela.

Eric Spitz prefeta. GUILLAUME FAUVEAU
Ekhi Erremundegi Beloki.
2020ko urriaren 17a
17:30
Entzun

Jean Castex Frantziako Lehen ministroak osasun larrialdi egoera ezarri eta biharamunean, Ipar Euskal Herrian errespetatu beharko diren neurriak iragarri ditu gaur goizean Eric Spitz Pirinio Atlantikoetako prefetak. «Zenbakiak ez dira onak», adierazi du. Departamendu mailan inzidentzia tasa anitz emendatu dela erran du; 100.000 pertsonako 80 kutsatu zeuden irail hasieran, 155,2 gaurko datuetan. Ipar Euskal Herrian hamalau agerraldi daudela jakinarazi du.

Horiek horrela, hainbat neurri zorroztea erabaki dutela esplikatu du prefetak, eta egoera okertuko balitz, heldu den aste erditsuan are gehiago zorroztuko dituela abisatu du. Eremu publikoan sei pertsona baino gehiago biltzea debekatua izanen da bihartik aitzina, eta eremu pribatuan ere kopuru hori ez gainditzeko gomendatu du. Baina, arau horrek ez du balio aldarrikapen manifestazioentzat, izaera profesionaleko bilkura eta jarduerentzat, bidaiarien garraio zerbitzuentzat, publikoa hartzen duten aire libreko eraikinentzat, hileta zeremonientzat, profesionalek antolatutako bisita gidatuentzat, eta merkatuentzat. 1.500 pertsona baino gehiagoko ekitaldiak prefeturan deklaratu beharko dira, orain arte bezala.

Horrezgain, besta gela, karpa edo gisa bereko azpiegitura batean antolatutako ekitaldi pribatu guziak debekatu ditu prefetak, baldin eta ez badute bermatzen ekitaldi guzian zehar etengabe maskara eramatea. Funtsean, edaria edo janaria proposatzen duen ekitaldi pribatu oro sartzen da debekuan. Hau, urriaren 19tik aitzina aplikatuko da. Ostatu eta jatetxeetan, gehienez ere sei pertsona batzen ahalko dira mahai bakoitzean, eta kadira bakoitzaren artean metro bateko distantzia atxiki beharko da. Halaber, egituraren gehienezko harrera gaitasuna afixatu beharko dute.

Azkenik, musoetan, feria eta azoketan, merkatartitza zentroetan, atrakzio parke eta parke zoologikoetan, hau da, publikoa zutik eta mugimenduan dagoen eremuetan, pertsona bakoitzeko lau metro karratuko espazioa atxiki beharko dute. Haatik, jendea eserita dagoen eremuetan, zinema, antzoki, otoitz lekuetan... kadira bateko gutxieneko tartea utzi beharko da pertsona bakoitza edo sei pertsona baino gutxiagoko talde bakoitzaren artean. Gehienezko kopurua 5.000 pertsonakoa izanen da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.