Jaurlaritzaren neurri berriak beranduenez ostegunean sartuko dira indarrean

Garbiñe Biurrun EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko behin-behineko presidenteak esan du gobernuaren eskaerak lehentasun osoa izango duela. Ipar Euskal Herrian eta Nafarroan ere baliteke neurriak zorroztea aste honetan.

PCR probak egitek gunea, Donostiako Ospitalean, abuztuan. IDOIA ZABALETA, FOKU
jon ordonez garmendia
2020ko urriaren 19a
10:58
Entzun

Egun batzuk barru sartuko dira indarrean Eusko Jaurlaritzak joan den larunbatean iragarri zituen neurri murriztaileak. Iñigo Urkulluren gobernuak ez du gaitasunik neurri horiek bere kabuz hartzeko, herritarren oinarrizko eskubideei eragingo dietelako, eta eskaera luzatu behar dio EAEko Justizia Auzitegi Nagusiari horiek agindu ditzan. Garbiñe Biurrun EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko behin-behineko lehendakariak atzo Euskadi Irratian adierazi zuen lehentasun osoa izango duela eskaera horrek eta, beranduenez, ostegunean emango duela agindua.

Gaur erregistratuko du Jaurlaritzak eskaera. Ignacio Garitanok, gobernuak koronabirusa kudeatzeko izendatu duen teknikariak, agerraldia du 16:30ean, hain zuzen. Besteak beste, bilerak sei pertsonara mugatzea, elkarte gastronomikoak ixtea eta tabernen edukiera %50era jaistea.

Justizia Auzitegi Nagusiak hiru egun ditu, behin eskaera jasota, aztertzeko nola eragingo dieten neurri horiek herritarren oinarrizko eskubideei; esate baterako, elkartzeko eskubideari. Biurrunek azaldu du ikusi behar dela ea gobernuak nola zehazten duen eskaera idatziz: «Neurriz neurri aztertuko dituzte neurriok, eta herritarren oinarrizko eskubideengan zer eragin duten aztertuko dute».

Kutsatzeen gorako joera eteteko nahi ditu ezarri neurri murriztaileagoak Eusko Jaurlaritzak. Eta ez da gobernu bakarra izango. Ipar Euskal Herrian ere neurriak zorroztu dituzte. Larunbatetik debekatua dago leku publikoetan sei pertsona baino gehiago biltzea. Eric Spitz prefetak ostiralean esan zuen Ipar Euskal Herrian ez dela etxeratze agindurik izanen, baina abisatu du egoera okertzen bada aste erdian neurriak are gehiago zorroztuko dituztela.

Antzera dago egoera Nafarroan ere, eta ezin da baztertu Maria Txibiteren gobernuak ere neurri murriztaileak hartzea. Zenbait herri konfinatuta daude, eta, hala ere, positiboak gora doaz hor ere. Gaur goizean jakinarazi du Gobernuak atzo 467 positibo atzeman zituztela, egindako proben %17,2.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.