Hego Euskal Herrian 1.123 positibo atzeman dituzte

Kezka dago Azpeitiko, Azkoitiko, Beasaingo eta Ordiziako egoerarekin, azken hamalau egunetan 100.000 biztanleko 1.000tik gora positibo izan dituztelako.

Taberna baten barnealdea, Iruñean. JESUS DIGES / EFE
2020ko urriaren 19a
11:13
Entzun

Egoera kezkagarria du Nafarroak, eta, Gipuzkoan eta Bizkaian datuek hobera egin arren, hainbat herriren egoera ez da batere ona. Bihar aste bat beteko da Nafarroako Gobernuak saltokien, ostalaritzaren eta funtsezkotzat jotzen ez diren beste sektore batzuen jarduerak nabarmen murriztu zituenetik. Oraingoz, baina, ez du ondoriorik izan positiboen kopuruan. Gaur gobernuak aurreratu duenez, igandean 466 positibo atzeman ziren. Jaurlaritzak eguerdian kaleratu ditu bere emaitzak, eta igandean 657 positibo izan ziren. Guztira, 1.123 pertsona kutsatu dira azken 24 orduetan. Halaber, Nafarroan bi pertsona hil dira COVID-19aren eraginez —92 eta 97 urtekoak—.

Orotara, 10.557 proba egin dituzte. Gehienak PCRak izan arren, Nafarroako Gobernuak aurreratu du horien artean jada antigeno probak ere daudela —gobernuaren asmoa da urriaren amaierarako osasun etxeetan hedatzea proba hori eta bost egun baino gutxiagoz sintomak dituztenekin metodo hori erabiltzea—. Kutsatu kopuru horrekin, esan nahi du egindako probetatik %10,6 izan direla positibo batez beste.

Nafarroaren kasuan, bereziki txarra da datua. Egindako probetatik %17,1ek eman dute positibo. Bigarren olatuko ehunekorik handienetako bat da hori. Iragan urriaren 12an, PCRen %17,6k eman zuten positibo, eta marka negatibo horretatik gertu geratu da berriro. Gogoan hartu behar da Osasunaren Mundu Erakundeak gomendatzen duela egindako PCRen %5etik behera egon behar lukeela. Nafarroak ahalegin berezia egin du hilabeteotan PCR probekin, baina, datuek agerian uzten dutenez, positibo kopurua oso handia da. Urriaren hasieratik %12,7koa izan da, batez beste.

Hainbat herrirekin kezka

Gipuzkoan, 275 positibo izan dira azken 24 orduetan, aurreko egunean baino 60 gutxiago eta ostiralean baino 155 gutxiago. Dena den, lau herri handitan intzidentzia tasa oso handia da, azken hamalau egunetan 100.000 biztanleko 1.000tik gorako kutsatu kopurua izan baitute: Azpeitian, Azkoitian, Beasainen eta Ordizian. Halaber, Astigarragan, Deban, Eibarren, Elgetan, Oñatin, Ormaiztegin, Pasaian, Soraluzen, Tolosan, Urnietan, Zumarragan eta Zumaian, 500dik gorakoa dute. Donostian, berriz, 357koa da. Batez beste, Gipuzkoan ehun mila biztanleko 479 positibo dituzte.

Bizkaian ere, Abadiñon, Durangon, Ermuan eta Erandion 500dik gorako intzidentzia tasa dute. Bilbon, berriz, 283koa da. Azken 24 orduetan, Bizkaian 313 kutsatu izan dituzte, larunbatean baino zazpi gehiago eta ostiralean baino 117 gutxiago. Gipuzkoarekin alderatuta, intzidentzia tasa txikiagoa du, 296koa 100.000 biztanleko.

Araban ere antzera dabiltza, azken hamalau egunetako intzidentzia tasa 290ekoa baita. Azken 24 orduetan, 59 positibo izan dituzte. Hego Euskal Herriko lurraldeen artean positibo kopururik txikiena da.

Uneotan, 596 herritar daude Osakidetzako eta Osasunbideko ospitale sarean, larunbatean baino 69 lagun gehiago. Positiboen igoeraren ondorioz, presioa handitzen ari da osasun sisteman. Larrialdietan, uneotan, 92 lagun daude, eta Nafarroan, kasurako, 37. Iragan astean, Santos Indurain Nafarroako Gobernuko Osasun kontseilariak ez zuen argitu uneotan larrialdietan zenbat ohe dituzten guztira, baina apurka gerturatzen ari da Espainiako Gobernuak ezarritako %25eko mugara.

Beste lurraldeekin alderatuta, intzidentzia tasa ia bikoitza du Nafarroak, 100.000 biztanleko 899 kutsatu baititu. Datuak okertzen ari direla ikusita, neurri gogorragoak hartu ditu gobernuak: sarrera-irteerak itxiko dituzte, jarduera guztiak itxiko dituzte 21:00etan, eta garraio publikoa %50era mugatuko dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.