Ipar Korea

Ipar Koreako atxilotze prebentiboen sistema «krudela» salatu du HRWek

Atxilotze prebentiborako zentroetan tortura orokortua dagoela ohartarazi du giza eskubideen aldeko elkarteak.

Ipar Koreako atxilotze prebentiborako zentro baten irudikapena, HRWek bildu dituen lekukotzetan oinarrituta. HUMAN RIGHTS WATCH
Gorka Berasategi Otamendi.
2020ko urriaren 19a
12:27
Entzun

Ipar Koreako atxilotze prebentiboen eta epaiketa penalen aurreko ikerketarako sistema deskribatzen duen txostena argitaratu du, gaur, HRW Human Rights Watchek.«Animalia batek baino gutxiago balio genuen». Jarraitu beharreko prozesuaren abusuak eta urratzeak Ipar Koreako atxilotze prebentiboetan izena du txostenak. Idatziaren arabera, herrialdeko sistema penalak eta berme juridikoek gabezia larriak dituzte, eta hutsune horiek ahalbidetu dute atxilotuen tortura orokortua bihurtzea, atxilotzen zentroetako egoera «krudela, gizagabea eta umiliagarria» izateraino.

HRWen esanetan, Ipar Koreako ikerketa penal gehienek kartzela zigor batekin amaitzen dute prozesua. Espetxe horietan, presoek bortxazko lanak egin behar izaten dituztela ziurtatu du elkarteak. Gaineratu duenez, are egoera makurragoa bizi dute preso politikoek, kwanliso direlako kontzentrazio guneetara bidaltzen dituztelako.

Ikerketa sistemaren barruan lan egin duten edo preso egon diren 46 korearri eginiko elkarrizketetan oinarritzen da. Atxiloketaren eta epaiketaren artean atxilotuek jasan beharreko baldintzei buruzko informazioa bildu dute elkarrizketatuen testigantzetatik. Nabarmendu dutenez, egoera «gizagabeak» pairatzen dituzte, eta batzuk atxiloaldian bertan hiltzen dituzte.

Elkarrizketatuen artean, badira kontrabandoan aritzeagatik atxilotu zituztenak edo atzerriko herrialdeekin komunikatzeko aukera ematen duten telefono txinatarrak izateagatik preso bukatu dutenak, baita herrialdetik ihes egin ondoren Txinatik deportatu zituztenak ere. HRWek salatu duenez, guztiek errugabetasun printzipioa errespetatzen ez duen sistema baten menpe amaitu zuten, eta «zehaztugabeak» diren legeak ezarri zizkieten, aplikazio bidegaberako aukera ematen dutenak. Gainera, txostenak dioenez, ikerketa bat abiatzeko fiskaltzak agindua ematea ezinbestekoa den arren, atxilotu horiek ez zuten inoiz halako dokumenturik ikusi.

Atxilotze prebentiboen sistema Langileen Alderdiak kontrolatzen du bere osotasunean, HRKek salatu duenez. Hori dela eta, alderdiak sistema judizial «era opakuan ordezka» dezakeela ziurtatu du.

Abusuak eta torturak

Lekukoek HRWi adierazi diote ostikoak, ukabilkadak eta bestelako kolpeak etengabeak zirela, beren buruen aurkako deklarazio bat lortzeko. Salatu dutenez, gorputza «estres posizioetan» jartzera derrigortzen zituzten, eta, mugituz gero, presoari eta ziegako gainerako kideei kolpe gehiago ematen zizkieten. «Orduak eta orduak eman zituzten ni jipoitzen. Harrigarria da gorputzak zenbat jasan dezakeen», kontatu du Cho Chung-hui Ipar Koreako funtzionarioak. Hego Koreara egin zuen ihes 2011n. Aurretik, bi aldiz atxilotu zuten Ipar Korean. Lehenengoan, Hego Koreako telebista ikusteagatik. Beste funtzionario batzuekin zuen harremanak eta eskupekoek zigor handi bat jasotzetik libratu zuten.

Hainbat emakumek sexu erasoak jasan zituztela ere nabarmendu du txostenak. Zenbaitek adierazi dute espetxeko funtzionarioek eta poliziek bortxatu zituztela, eta ez zutela «erresistentziarako inolako aukerarik».

Txostenak jasotzen du atxilotuak ziegetan pilatzen dituztela, gutxieneko higiene baldintzarik gabe, eta neguan hogei gradu zero azpitik ere izan daitekeen hotzari aurre egiteko inolako baliabiderik gabe.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.