«Transmisio handia» egon arren, Jaurlaritzak baztertu egin du intzidentziarik handieneko herriak ixtea

Baheketa selektiboak egingo dituzte Ordiziako eta Durangoko 13 eta 40 urte arteko herritarren artean.

PCR probak egiten, Ordizian, uztailaren hasieran izandako agerraldian. JUAN HERRERO / EFE
Irati Urdalleta Lete.
2020ko urriaren 19a
17:37
Entzun

Azken egunetako datuak ikusita, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak onartu du birusaren «transmisio handia» dagoela. Halere, intzidentziarik handiena duten herriak ixtea ez dutela buruan adierazi du Ignacio Garitano Eusko Jaurlaritzako Osasun Saileko Zaintza eta Kontrol Programaren koordinatzaileak. Haren hitzetan, oraindik ikusteko dago horrelako neurriek funtzionatzen ote duten, baina neurri berriak hartu behar badira, hala egingo dute. Erantsi du udan garai batzuetan 100.000 biztanleko 500 positibo baino gehiago egon direla, baina ez dela herririk itxi behar izan: «Aztarnarien sistemak kasuak aurkitu eta kontaktuak bakartu ditu, eta egoerari buelta eman zaio». Herritarrak guztiz konfinatzea ere ez dute epe motzerako planetan.

Bitartean, orain arte ezarritako neurriak betetzeko eskatu du: «Oso garrantzitsua da leku publikoetan eta pribatuetan mugikortasuna eta pertsonak biltzea dakarten ekintza sozialak saihestea».

Herriak itxi ez, baina bestelako neurri batzuk hartuko dituzte kasu ugari dituzten herrietan. Zehazki, baheketa selektiboak egingo dituzte Ordizian (Gipuzkoa) eta Durangon (Bizkaia). 13 eta 40 urte arteko herritarrei eskatuko diete proba egiteko, intzidentziarik handiena adin tarte horren baitago, Garitanoren hitzetan.

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako datuei erreparatuz, 6.177 kasu aktibo daude, eta 13.273 pertsonari jarraipena egiten ari dira. Positibo horiek atzemateko sistemak ere aldatzen ari dira. Garitanok jakinarazi du larunbatetik PCRak ez ezik antigenoen testak ere erabiltzen ari direla. Oraingoz, 102 egin dituzte, eta 11 kasu atzeman dituzte horien bidez.

%1 inguruko positibo tasa

Baheketa berriak iragartzearekin batera, orain arte egindakoen emaitzak ere jakinarazi ditu Garitanok. Azpeitian (Gipuzkoa) egindako baheketako 2.297 emaitza jaso dituzte, eta 32 lagunek eman dute positibo; hau da, %1,39k. Gasteizko Sansomendi auzoan, 2.497 proba egin dituzte, eta 28 positibo egon dira; hau da, %1,12. Azkenik, Azkoitian (Gipuzkoa), 3.077 proba egin zituzten, eta 35ek eman zuten positibo; hau da, %1,13k. Kazetariek galdetu arren, Garitanok ez du esan zer emaitza izan dituzten Beasaingo (Gipuzkoa) Txindoki institutuan eta Irungo Txingudi ikastetxean egindako PCRetan.

Urnietako Udalak (Gipuzkoa) iragarri du udal gune gehienak itxi egingo dituztela, asteburuan beste 16 positibo atzeman dituztelako. Kiroldegia, Sarobe, musika eskola, pilotalekua, gaztelekua, adinekoen taberna, ikasteko gela eta liburutegia itxiko dituzte. Parkeak gauetan itxiko dituzte, 20:30etik aurrera.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.