PILOTA

Pilotarien Elkartea sortu dute

Ezkurdiak, Altuna III.ak, Olaizola II.ak eta Urrutikoetxeak eratu dute, eta haiek zuzenduko dute. Espero dute egiten hasi diren urratsak «esku pilota profesionala eta pilota bizitzen ari den egoera hobetzea, eta normaltasuna lehenbailehen lortzea». Ibai Zabala kritiko azaldu da ekimenarekin. 

Urrutikoetxea, Olaizola II.a eta Ezkurdia, binakako finalaren pilota aukeraketan. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Julen Etxeberria.
2020ko urriaren 19a
21:02
Entzun

Baikoko arduradunak eta greban dauden enpresako hamabost pilotarien ordezkariak bigarrenez bildu bezperan iritsi da berria. Pilotarien Elkartea sortu dute Joseba Ezkurdiak, Jokin Altunak, Mikel Urrutikoetxeak eta Aimar Olaizolak. Lau pilotari horiek gaur bildu dira, arrazoi zehatz batzuk bultzatuta: «Gaur egun pilota profesionalak eta lehiaketek duten egoera ikusita, eta egunak pasatzen ari direla eta gauzak zailtzen ari direla ikusita, arazoari ahalik eta lasterren irtenbidea bilatzen saiatzeko». Pauso batzuk ematea erabaki dute; horien artean, Pilotarien Elkarte bat sortzea. Haiek gidatuko lukete, eta soilik EPELn ari diren pilotariek parte hartuko lukete. Haien asmoa da elkarte honek negoziatzea esku pilota profesionalaren sektorean etorkizunean sor daitezkeen puntu garrantzitsuak.

EPELekin bildu dira, eta haien asmoa azaldu diote, eta zenbait planteamendu egin dizkiote: duela gutxi kontratuak berritu ez zituzten pilotariekin negoziatzen has daitezela. Diotenez, EPELek onartu egin du horietako batzuekin hitz egiten hastea; buruz burukoaren hasiera astebete atzeratzea eskatu diote ere, eta hori ere onartu egin du EPELek. 

Haien asmoa Pilotarien Elkartea EPELeko pilotari guztientzat «zabalik» egotea da. Hori dela eta, pilotari guztiei eskaini diete 48 orduko epean haiekin bat egiteko. Bultzatzaileek espero dute egiten hasi diren urratsak «esku pilota profesionala eta pilota bizitzen ari den egoera hobetzea, eta normaltasuna lehenbailehen lortzea». 

Ibai Zabala, kritiko

Ibai Zabala Baikoko pilotari grebalarien ordezkarietako bat kritiko azaldu zen elkartearen sorrerarekin. «Ni ez nau ordezkatzen azken bost hilabeteetan beren eskubideen eta pilotarien alde borrokan aritu den taldea baztertu eta alboratu duen inork. Are gutxiago, mugimendu horiek greban dauden pilotariekin hitz egin gabe egiten direnean». Zabalak azaldu duenez, "denok" uste dute elkarte bat "beharrezkoa" dela, eta horrela erakutsi zuten Tolosan egindako agerraldian, baina zehaztu duenez, duela hilabete elkartea eratzeko proposamena egin zieten Olaizola II.ari eta Urrutikoetxeari, eta ezetz esan zuten. Zabalak jakinarazi duenez, elkarte bat sortzeko hilabete bat behar dela esan zien alor horretako aditu batek.  Halaber, Zabalak dio ordezkariak "aukeratu" egiten direla, "eta ez inposatu". Haren ustez, bilatzen dutena ez da arazoa konpontzea, "greba altxatu eta txapelketak jokatzea baizik". 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.