Sei asteko itxialdia agindu du Irlandak

Etxeratze agindua ezartzea aztertzen ari da Madrilgo erkidegoa. Belgikak iragarri du soilik sintomak dituztenei egingo dietela PCR proba.

Belfasten ere tabernak eta jatetxeak ixteko agindu dute. MARK MARLOW, EFE
arantxa elizegi egilegor
2020ko urriaren 20a
11:41
Entzun

Gero eta gehiago dira COVID-19 kasuak. Uztaila eta abuztua nahikoa lasaiak izan dira, baina udazkenean nabarmen ugaritu dira kutsatzeak, orotara 40 milioi kasura heldu arte. Europako herrialde gehienek neurriak gogortu dituzte azken egunetan. Irlandak, esaterako, sei asteko itxialdia ezarri du. Herritarrak gehienez ere bost kilometro urrundu ahal izango dira euren etxetik kirola egiteko, eta itxi egin dituzte oinarrizkoak ez diren salmenta guneak ere. Bihar sartuko dira indarrean neurriok; sei astez debekatuta egongo dira etxeetarako bisitak, eta itxita parke publikoak. Soilik bakarrik bizi direnei edo laguntza behar dutenei onartuko zaizkie bisitak.

Italiako Lombardia eskualdeak ere neurri bereziak iragarri ditu gaurtik aurrera. Hura izan zen lehen koronabirus kasuak atzeman zituen Europako Batasuneko eskualdea, baita gaitzak lehen olatu hartan gogorren jo zuena ere. Han, gobernuak iragarri du etxeratze agindua ezarriko duela ostegun gauetik aurrera. Tarte horretan, soilik osasun edo lan arrazoiengatik atera ahal izango dira kalera herritarrak. Izan ere, Osasun Ministeriotik ohartarazi dute hilabete bukaerarako 4.000 lagun egon daitezkeela erietxeratuta koronabirusaren ondorioz, eta beste 600 gaixo zaintza berezietan. Horiek hala, martxoan Milanen zabaldu zuten erietxea berriz irekitzeko aukera proposatu dute agintariek.

Alemanian ere gora egin dute kasuek azken astean. Azken 24 orduetan, beste 4.300 kasuren berri eman du herrialdeak, baina Berlinek ohartarazi du «benetako kopurua» askoz handiagoa izan daitekeela, zenbait eskualdek ez dutelako oraindik informaziorik eman. Angela Merkel kantzilerrak esan du ez dutela beste konfinamendurik ezarriko, eta bestelako neurriak hartuko dituztela bigarren olatuari aurre egiteko; besteak, beste kutsatze gehien dituzten eremuak soilik ixtea. Hori da Alpeetako Berchtesgadener Land herriaren kasua, zeina itxita dagoen gaur eguerdiaz geroztik.

Arazoak dituzte Belgikan ere. Gobernuak dagoeneko iragarri du soilik sintomak dituztenei egingo dizkietela PCR probak, ez dutelako nahikoa baliabide gehiago egiteko. Alexander de Croo lehen ministroak ohartarazi du egoera martxoan itxialdia ezarri zutenean baino okerragoa dela. Herrialdeak lau astez itxi ditu taberna eta jatetxeak, eta etxeratze agindua ezarri du. Astelehenetik aurrera, berriz, itxialdia sartuko da indarrean. Belgikan, 412 gaixo zituzten zaintza berezietan igandean, baina kopurua bikoiztuz doa bederatzi egunean behin.

Madrilen, bestalde, iragarri dute etxeratze agindua ezartzeko aukera aztertzen ari direla. Enrique Ruiz Escudero Osasun sailburuak eman du erabakiaren berri. Oraindik indarrean da Espainiako Gobernuak erkidegoari ezarritako alarma egoera.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.