Ostatuak 22:00etan itxi beharko dituzte Ipar Euskal Herrian

Eric Spitz Pirinio Atlantikoetako prefetak neurri berriak iragarri ditu. Ostatuek ezinen dute eramateko alkoholik saldu 22:00etatik aitzina, eta karrikan ezinen da alkoholik edan 22:00etatik 08:00etara. Bezeroen erregistro bat egin beharko dute ostalariek. Ortzegunean jarriko dituzte neurriak indarrean, hamabortz egunerako, gutienez.

Baionako ostatu bat, uztailean. BOB EDME
maddi ane txoperena iribarren
2020ko urriaren 20a
12:02
Entzun

Egoera epidemiologikoak okerrera egin duela eta, neurri gehigarriak iragarri ditu Eric Spitz Pirinio Atlantikoetako prefetak. Ostatuei dagozkie gehienak: 22:00etan itxi beharko dute ostatuek; ordu horretatik aitzina ezinen dute eramateko alkoholik saldu, eta musika ezinen dute ozen jarri irekita dauden bitartean. Jatetxeak salbuetsita daude itxiera ordutik, Spitzek azaldu duenez. 22:00etatik 08:00etara karrikan alkohola edatea ere debekatu du prefetak. Ortzegunetik aitzina egonen dira neurriak indarrean, gutienez hamabortz egunez: epe hori igarota, berriz aztertuko dute neurriak kendu ala gogortu, osasun egoeraren arabera.

Ostatu eta jatetxeek bezeroen erregistro bat egin beharko dute: haien izen-abizenak eta haiekin harremanetan jarri ahal izateko kontaktu bat utzi beharko dute bezeroek. Hamabortz egunez atxikiko du informazio hori ostatuaren jabeak, eta ondoren suntsitu egin beharko du. Soilik koronabirusaren kontrolerako erabili ahal izanen dituzte datuak.

Herrietako bestak eta gaualdiak ere debekatu eginen dituzte, baita eskoletako ateraldiak ere.

Kirol instalazioetarako neurri berriak ere jarri ditu prefetak: banakako aldagelarik ez duten igerilekuak itxi egin beharko dituzte, eta bertzelako kirol eraikinetako aldagelak itxi eginen dituzte, klub profesionaletako eta eskoletako erabiltzaileentzat salbu.

Fokuak unibertsitateetan

Maritxu Blanzaco Akitaniako ARS osasun agentziako Pirinio Atlantikoetako ordezkariak koronabirusari buruzko departamenduko datu orokorrak eman ditu —ez dago Ipar Euskal Herriko datu orokorrik—: intzidentzia tasa 208,9koa da 100.000 biztanleko Pirinio Atlantikoetan, eta positibotasun tasa, berriz, %11,9koa. Baiona inguruan, hobea da egoera: BAMen %8,8ko positibo tasa dagoela jakinarazi du Blanzacok, eta Baionako ospitaleko ZIUan sei lagun daudela orain.

Foku nagusiak unibertsitateetan eta kirol jardueretan daudela jakinarazi du Blanzacok: BAMen gehienak. Oraingoz ez dago fokurik Ipar Euskal Herriko zahar etxeetan.

Egoera «kontrolatua» dagoela uste du Spitzek, baina ez du baztertu neurri gehiago hartu behar izatea egoera okertzen bada. Orain arte hartutako neurriek ere indarrean segituko dute: erraterako, sei lagunetik gora ezinen dira elkartu, eta ezinen da zutik egon ostatuetan. Prefetak azaldu du oraingoz ez dituztela neurri gogorragoak hartuko, «bizitza sozial eta kulturalari» eutsi nahi dietelako. Test ugari egiten ari direla nabarmendu du, eta ospitaleetako egoera ona dela: «Hori da erabiltzen dugun irizpide nagusia».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.