Nafarroako ostalariak, itxieraren kontra: «Sektorea kriminalizatzen ari dira»

Tabernak eta jatetxeak «seguruak» direla adierazi du Nafarroako Ostalaritza eta Turismo Elkarteak. Elkarretaratzeak eginen dituzte ostegunetik aurrera

Ostalariek protesta egin dute gaur Nafarroako Gobernuaren aurrean. IÑIGO URIZ / FOKU
Ion Orzaiz.
2020ko urriaren 20a
13:40
Entzun

Ostalaritzaren sektorea haserre dago Nafarroan. Ez datoz bat Maria Txibite Nafarroako Gobernuko lehendakariak COVID-19ari aurre egiteko iragarritako neurri murriztaileekin, hainbat enpresa «amildegira» bultzatuko dituztelakoan: «Epe laburrean, pertsiana jaitsi beharko dute enpresa askok, eta, luzera, hurrengo belaunaldikoek ere birritan pentsatuko dute ostatu bat zabaldu aurretik», esan du Ana Beriainek, Nafarroako Ostalaritza eta Turismo Elkarteko lehendakariak. Beriainek CEN Nafarroako Enpresarien Elkartearen egoitzan egin ditu adierazpenak, eta, bitartean, hainbat ostalarik elkarretaratzea egin dute Nafarroako Gobernuaren aurrean, gobernuak ezarritako itxieraren kontra.

Espainiako Gobernuko Osasun Ministerioak emandako datuak oinarritzat hartuta, Beriainek ondorioztatu du ostalaritzaren sektorea «seguruenetako bat» dela, «agerraldi gutxi» antzeman direlako tabernetan, jatetxeetan edo dantzalekuetan: 190 agerraldi eta 4.246 kasu, Espainiako Estatuan. Hala ere, ostalaritza sektoreak du positiboen eta agerraldien arteko ratiorik altuena gizarte harremanei lotutako kutsatzeen multzoan: 22,3 kutsatze ostalaritzan antzemandako agerraldi bakoitzeko.

Tabernak eta jatetxeak ixteko erabakia «politikoa» izan dela uste du Beriainek, eta ostalaritzak «ez kriminalizatzeko» eskatu dio Nafarroako Gobernuari: «Protokoloak eta segurtasun neurri zorrotzak ezarri ditugu, eta, datuen argitara, neurri horiek ari dira fruituak ematen; hortaz, ezin dugu ulertu ostalaritza koska bat gehiago estutu nahi izatea».

Are: Nafarroako Gobernuak iragarritako diru laguntzak «hutsaren hurrengoa» direla nabarmendu du ostalarien elkarteko buruak: «10 milioi euroko diru poltsa banatuko dute, 850 milioi euroko fakturazioa duen sektore batean. Fakturazioaren %2, gutxi gorabehera. Hori adabaki bat da, eta ez du ezer konponduko. BEZa, kontribuzioa, hondakinen zerga... Hori guztia ordaintzen segitu behar al dugu, inongo fakturaziorik gabe?».

Hori dela eta, «bideragarritasun eta erreskate plan bat» ontzeko eskatu diote Maria Txibiteren gobernuari. «Ixtea ezinbestekoa bada, egin dezatela beste herrialde batzuetan eta ezar dezatela ganorazko plan bat, larrialdia igaro ostean sektorea martxan jarri ahal izateko». Neurriok «jarraitutasuna eta gardentasuna» izan behar dutela ere uste du Beriainek.

Nafarroako Gobernuaren foru aginduari helegitea aurkeztuko ote dioten galdetuta, Nafarroako Ostalaritza eta Turismo Elkarteko lehendakariak esan du oraindik ez dutela argi baina protestak antolatu dituztela datozen bi asteetarako: elkarretaratzeak eginen dituzte egunero, 20:00etan, Iruñeko Gazteluko plazan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.