Enpresak

Apaltzea izan dute Ipar Euskal Herriko enpresen %70ek, MIGen arabera

Udako sasoiak zenbakiak «hobetu» baditu ere, «kezkatua» agertu da Andre Garreta Baionako Merkataritza eta Industria Ganberako burua.

MIGeko arduradunen prentsaurrekoa, gaur goizean, Baionan. GUILLAUME FAUVEAU
Ekhi Erremundegi Beloki.
2020ko urriaren 20a
13:46
Entzun

Ekonomia barometroa aurkeztu du Baionako MIG Merkataritza eta Industria Ganberak. Ipar Euskal Herriko 220 enpresak erantzun zuten ekainaren 22 eta 26 artean egin zuten galdeketa. Geroztik egoera aldatu bada ere, koronabirusaren krisiak Ipar Euskal Herriko ekonomian izan dituen eraginei buruzko elementu batzuk ematen dituzte emaitzek. «Osasun krisi hau krisi ekonomiko bilakatzen ari da. Haatik, desesperazioaren krisi bilaka dadin eragotzi behar dugu. Merkataritza eta Industria Ganberak hor gaude, enpresak laguntzeko», adierazi du Andre Garreta MIGeko buruak.

2020ko lehen seihilekoa iazkoa baino «hobea» izan zen, enpresa gutxiago erori baitziren (750); hala, iaz baino 1.078 enpresa gehiago daude orain, %17,2ko emendatzea. Haatik, langileen kopurua doi bat apaldu da (%0,6), nahiz eta langabezia partzialaren dispositiboak lanpostu gehienak atxikitzea bermatu. Garretak eman dituen datuen arabera, sektore ekonomiko guzietan langile kopurua emendatu da oro har: zerbitzuetan (-%2), ostalaritzan (-%4,7), eta aldi bateko lanaldietan (-%21,3). Martxoaren 15etik aitzinako konfinamenduaren eraginarekin lotu du MIGeko buruak. Langabetu kopurua emendatu egin da (+%7,8); era berean, enpresek emandako erantzunen arabera, gero eta zailagoa zaie langileak bilatzea. 2020ko lehen hiruhilekoan, 2.129 eurokoa zen batez besteko soldata gordina Ipar Euskal Herrian.

2020. urte hasieran egoera ekonomikoaren «hobetze» bat ikus bazitekeen ere, koronabirusaren krisiak «eragin handia» izan du, eta ekonomiaren zenbaki adierazle negatiboekin bukatu zen lehen seihilekoa, MIGen datuen arabera. «Enpresen %70ek urteko negozio zenbatekoaren apaltze bat izan dute, haien mozkinak beheititu dituzte, eta langile berririk ez hartzea erabaki dute. Diruzaintza beti da konplikatua, baina zenbaki gorriak dituzte orain; are gehiago, enpresek lan gehiago izaten dutelako beren bezeroengandik ordainduak izateko». Hiru sektore aipatu ditu, gehien sufritu dutenak: aeronautika, turismoa eta zerbitzuak. Miarritzeko aireportua kudeatzen duen sindikatuak prentsaurrekoa deitua du ostegun honetarako. Azken hilabeteetan, behin baino gehiagotan aipatu dute jardueraren apaltze nabarmena izan dutela eta horrek egoera zail batean jartzen zituela.

Industria ere ukituenetako bat da, Garretaren hitzetan, gehienek ez baitute urteko negozio zenbatekoa berreskuratu. «Ostalaritza lehen hiruhilekoan izan zen gehien hunkia, baina udako sasoiarekin zerbait berreskuratu du. Udako sasoi ondoreneko hau berriz konplikatua izanen dela dirudi», adierazi du.

MIGen arabera, Ipar Euskal Herriko enpresaburuen %72k konfiantza dute etorkizunean; iaz baino hamar puntu apalagoa da kopurua. Enpresen %26k baizik ez ditu egin inbertsioak lehen seihilekoan, eta %17k baizik ez zuen bigarren seihilekoan inbertsioak egitea aurreikusten, kontuan hartuta galdeketa ekainean egina izan zela eta ordutik egoera aldatu egin dela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.