Euskara

Euskaraldian 25.000 arigune egongo dira

Euskal Herriko 421 udalerritan osatu dira euskara batzordeak. Ariguneak sortu dituzten entitate nagusiak enpresak, saltokiak, erakundeak eta elkarteak izan dira. %52 barneko ariguneak izango dira, eta gainerakoak, kanpokoak.

jarraia188572.jpg
Lander Muñagorri Garmendia.
2020ko urriaren 20a
13:47
Entzun

Hilabete eskas falta da Euskaraldia hasteko, eta egitasmoa bultzatzen duten eragileek agerraldi bateratu bat egin dute gaur goizean, Baionan. Euskal Herriko 421 udalerritan osatu dira Euskaraldia sustatzeko batzordeak, eta horietan parte hartu ahal izango dute herritarrek azaroaren 20tik abenduaren 4ra arte. Euskararen erabilera aktibatzeko ariketa sozialean izen emateko epea oraindik zabalik dago, eta antolatzaileek parte hartzera dei egin diete herritarrei.

Aurtengo Euskaraldiaren berrikuntza nagusia ariguneak izango dira; hau da, hainbat entitatek euskaraz lasai aritzeko sortutako espazioak. Antzeko 25.000 espazio baino gehiago sortu dira Euskaraldiak irauten duen egunetan erabiltzeko. 6.737 entitatek dituzten 8.174 egoitzetan sortu dituzte arigune horiek guztiak. 25.091 arigune horietatik, %52 barneko ariguneak izango dira, eta gainerako %48ak, kanpokoak. Entitateei dagokienez, era guztietako enpresa, saltoki, erakunde eta elkartek sortu dituzte ariguneak: saltoki eta zerbitzu emaile txikiak, elkarteak, hezkuntza arloko eragileak, zerbitzu enpresak eta erakunde publikoak izan dira kopurutan nabarmenenak.

Zenbaki horien balorazio “oso positiboa” egin dute antolatzaileek, are gehiago COVID-19 gaitzak eragindako egoera aintzat hartuta. Baina Kike Amonarriz Euskaltzaleen Topaguneko lehendakariak laguntza eskatu die herritarrei: “Pandemiak zaildu egin digu Euskaraldiaren antolaketa, eta guztion laguntza behar dugu Euskal Herriko ahobizi eta belarriprest guztiengana heltzeko.” Euskaraldian parte hartzeak badu, haren ustez, mezu argi bat: “Pandemiari aurre egin nahi diogula, gure komunitatea berrindartu nahi dugula, eta, oztopoak oztopo, Euskal Herri gero eta euskaldunago bat nahi dugula”. Horregatik, herritarrei dei egin die ahobizi edo belarriprest gisa izena ematen jarrai dezaten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.