Internet

AEBek Googleren aurka egin dute, sareko bilaketak monopolizatzeagatik

Justizia Departamenduak eta 11 estatuk jarri dute enpresaren aurkako salaketa. Fiskaltzaren esanetan, «lehiakideei kalte egiten dien legez kanpoko akordio esklusiboen sare bat» erabiltzen du bere nagusitasuna finkatzeko.

Googleren egoitzetako bat, Singapurren. WALLACE WOON / EFE
Erredakzioa
2020ko urriaren 20a
17:04
Entzun

AEBetako Justizia Departamentuak eta 11 estatuk Google erraldoi teknologikoaren aurkako salaketa bat aurkeztu dute. Interneteko bilaketak eta iragarki merkatua monopolizatzea egozten diote enpresari.

Urtebeteko ikerketaren emaitza da salaketa, eta berebiziko garrantzia izan dezake, bai bailiteke luze jo dezakeen gerra legal bat hastea. Aurrera ateraz gero, azken urteetan monopolioen aurka egin den kausarik handiena litzateke, eta merkatu digitaleko lehena.

Justizia Departamenduko fiskal Jeffrey Rosenen arabera, Googlek berebiziko rola jokatzen du, Interneteko «sarbiderako zaindari nagusia» baita, «lehiakideei kalte egiten dien legez kanpoko akordio esklusiboen sare baten» bidez. Salatzaileek argudiatzen dute Googlek iragarkien bidez irabazitako milaka milioi dolar erabili dituela telefono konpainiei eta beste bilatzaile batzuei ordaintzeko,  Google horien oinarrizko bilatzaile gisa mantentzeko helburuarekin. Hala, AEBetan, interneten egiten diren bilaketen %80 inguru kontrolatzen du Googlek.

Ez da teknologiaren erraldoien aurka egiten den lehen aldia. Hainbat gobernuk eta Europako Batasunak gogor kritikatu dituzte enpresa horiek, euren gain hartzen duten merkatu kuota eta botereagatik. Zer esanik ez milaka milioika dolarreko irabaziak izanik ordaintzen dituzten zerga gutxiengatik. Googleren kasuan, AEBetako Merkatu Batzorde Federalak haren aurkako ikerketa bat abiatu zuen duela urte batzuk, baina 2013an utzi zuten kasua, froga faltagatik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.