Ostalarientzako diru laguntzak eskatu ditu EH Bilduk

Sektorea erreskatatzeko plan bat aurkeztu du koalizioak: Eusko Legebiltzarreko osoko bilkurara eramango du.

Bilboko taberna bat, edukiera murriztuta. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
2020ko urriaren 20a
20:03
Entzun

Pandemia ostalaritza bereziki jotzen ari dela eta, sektore hori erreskatatzeko plan bat aurkeztu du EH Bilduk, eta iragarri du Eusko Legebiltzarreko osoko bilkurara eramango duela. Iker Casanova legebiltzarkideak gaur eman du proposamenaren berri: jarduera eteten dutenentzat, 600 eta 1.200 euro arteko diru laguntzak abiatzea, eta diru sarreren %25 baino gehiago galdu dutenentzat, 400 eta 800 euro artekoak; berez, langile autonomo guztiei iritsi beharko litzaizkieke laguntza horiek, koalizioaren arabera. 

Ostalarientzako diru sail hori administrazioak berak jartzea aurreikusi du Casanovak, eta apirilean autonomoentzat irekitako laguntza programa berreskuratzea galdegin du: «Lakuak ia 16.000 eskari jaso zituen, baina ia 10.000 laguntza barik geratu ziren aurrekontu saila berehala agortu zelako». Era berean, alokairuen zama nola arindu aztertzea nahi du EH Bilduk: txosten juridiko bat egiteko eskatu dio Jaurlaritzari, aztertzeko legez zein den bide egokia alokairuen prezioak jaisteko. Zerga zorrak geroratzea eta zergen zein Gizarte Segurantzaren kotizazioen ordainketa etetea ere proposatu du.

Koalizioak emandako datuen arabera, ostalaritzako 13.000 establezimendu inguru daude Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan orotara, eta 62.000 langile dauzka sektoreak. Casanovak ohartarazi du «oso krisi sakonean» daudela, eta zuloa areagotu daitekeela, datozen egunotan edo asteotan Eusko Jaurlaritzak neurri murriztaileagoak hartzen baditu —Nafarroan tabernak eta jatetxeak itxi egingo dituzte ostegunetik aurrera—: «Enpresa askoren egoera jasangaitza da, eta, berehalako neurriak hartu ezean, denbora kontua da enpresa gehiago ixtea. %50eko edukiera duen negozio batek ezin die %100ean mantentzen diren gastuei aurre egin». Ildo horretan, Jaurlaritzaren «inakzioa» kritikatu du legebiltzarkideak: «Instituzioek abandonatuta dago sektorea. Une honetan ez dago ezer, laguntza bat ere ez».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.