Haizetea

Haizeteak argindarrik gabe utzi ditu 12.500 etxebizitza Ipar Euskal Herrian

Zuhaitz bat baino gehiago erori da, eta errepideak itxirik gertatu dira hainbat tokitan. Mila irteera baino gehiago egin behar izan dituzte suhiltzaileek. Bideoa albistearen barruan.

2020ko urriaren 21a
10:06
Entzun

Kalte handiak eragin dituzte gaur gaueko haizeteek Euskal Herriko hainbat xokotan, eta horren seinale dira suhiltzaileek gauean egin behar izan dituzten irteerak. Haize ufaden ondorioz, kalean eta errepidean zuhaitzak erori dira, edukiontziak mugitu eta eraikinetako elementuak askatu dira, eta intzidentzia horiei erantzuteko, mila esku hartze baino gehiago izan dituzte suhiltzaileek Hego Euskal Herrian: 526 izan dira Gipuzkoan, 357 Bizkaian, 161 Araban eta ehundik gora Nafarroan.

Ipar Euskal Herrian, argindarrik gabe dira 12.500 etxebizitzatan, Euskal Irratiek jakinarazi dutenez. «Sara eskualdetik hasi eta Zuberoara arte badira elektrika mozketak: Senpere, Azkaine, Ainhoa, Baigorri, Aldudeko ibarra eta Atharratze arte». Irulegiko Irratia eta Xiberoko Botzaren hedapena moztua da. Orduko 216 kilometroko haize boladak neurtu dituzte Iratin goizaldean, eta orduko 130 kilometrokoak Zokoan (Lapurdi).

Alerta laranja jarria zegoen bart gauerako, eta haize ufada bortitzen aurreikuspenak bete egin dira: Aralarko meteorologia estazioak orduko 184 kilometrotik gorako boladak atzeman ditu, eta 1445ekoak ere izan dira Oiz mendian. Goizerako, baretu da haizetea baina gauean suhiltzaileek irteera andana egin behar izan dute. Orendainen (Gipuzkoa) izan dira ufadek eragindako kalterik larrienetakoak: herriko kultur etxearen teilatua eta azken solairua eraman du haizeak. Kristalezko paretak zituen, eta, lehenbizi, leiho batzuk apurtu dira, gero haizea sartu da, belarena egin du, eta dena eraman du.

Era berean, haizearen ondorioz lau kamioi irauli ziren atzo gauean Nafarroan, bi N-121 errepidean eta beste bi A-12 autobidean; arin zauritu ziren gidariak, baina haietako bat erietxera eraman behar izan zuten. Garraioan ere eragozpen ugari eragin dituzte eroritako zuhaitzek. Gauean hainbat errepide egon dira oztopatuta, eta goizean oraindik arazoak izan dira hainbat tokitan: Nafarroan, NA-2540 errepidean, zuhaitz adarrak kentzen aritu dira 0 eta 9 kilometroen artean, baita NA-4150 bidean ere, Goizueta parean. 

Horrez gain, Euskotrenen zerbitzua ere etenda dago Usurbil eta Elgoibar artean (Gipuzkoa); autobusak jarri dituzte tarte horiek egiteko. Gasteizko tranbian ere atzerapenak izan dira. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.