Pilota

Pilotariek azaroaren 30era arte luzatu dute greba

«Fede oneko negoziazio baten zain» hartu dute erabakia, aho batez. Azaldu dutenez, ez dute bat egingo Ezkurdiak, Altuna III.ak, Olaizola II.ak eta Urrutikoetxeak bultzatutako Pilotarien Elkartearekin.

Baiko enpresako pilotariek greba luzatu dute. ARITZ LOIOLA / FOKU
Julen Etxeberria.
2020ko urriaren 21a
10:29
Entzun

Esana zuten Baikoko hamabost pilotari grebalarien ordezkariek: hasieran hiru asteko lanuztera deitu zutela, baina lan gatazka konpontzen ez bazen prest zeudela luzatzeko. Esan eta egin. Beste hogei egunez luzatu dute greba, azaroaren amaierara arte, hain zuzen ere. Gaur erabaki dute pilotariek, aho batez, «fede oneko negoziazio baten zain». Hauek dira greba egingo duten egunak: urriaren 30a eta 31a, eta azaroaren 1a, 2a, 6a, 7a, 8a, 9a, 13a, 14a, 15a, 16a, 20a, 21a, 22a, 23a, 27a, 28a, 29a eta 30a. 

Pilotariek «espero» dute eta «nahi» dute gatazka datozen egunetan konpontzea eta enpresak «benetako edukiak dituen negoziazio bat hastea». «Atzoko negoziazio bileran zenbait punturi buruz sakon eztabaidatu ahal izan genuen, eta kolektiboak irmoki uste du hurbilketa bat posible dela. Hala ere, enpresak oraindik ez dio inolako eskaintzarik egin greba batzordeari eta, hala izanik, greba bertan behera uzteko arrazoi nahikorik ez dago. Atzo egindako bileraren ostean enpresak adierazitakoari erantzunez, gogorarazi nahi dugu langileen aldarrikapen asko ez direla ekonomikoak, eta enpresak ez duela puntu horietarako ere eskaintzarik egin. Argi dago arazoa ez dela ekonomikoa, borondate arazoa baizik».

Pilotariek berriro azpimarratu dute «negoziatzeko prest» daudela, eta jakin badakitela negoziazio batean bi aldeek uko egin beharko dietela zerbaiti. «Baina akordioak lortzeko, beharrezkoa da negoziazio mahaian lasaitasunez eseri eta fede onez negoziatzea, harrotasuna alde batera uztea eta greba eskubideari zor zaion errespetua erakustea». Haien arabera, azken asteetan Baikoren aldetik ikusi dituzten praktikak ez doaz bide horretan. «Aurretik ere esan dugu, ez dugu nahi negoziazio hau gudu legal bat bilakatzerik, baina greba eskubidearen aurkako urraketak pilatzen ari dira».

Pilotariek, halaber, jakinarazi dute ez dutela bat egingo Joseba Ezkurdiak, Jokin Altunak, Mikel Urrutikoetxeak eta Aimar Olaizolak bultzatutako Pilotarien Elkartearekin. «Hasiera-hasieratik defendatu dugu elkarte parte-hartzaile baten beharra, sektoreko pilotari guztiei lekua egingo diena, elkartean sartzeko eperik jarriko ez diena eta zuzendaritza karguak inposaketa bidez erabakiko ez dituena. Horregatik, beti izango gaituzte bidelagun halako elkarte bat sortzeko eta kolektibo gisa ditugun eskubideak eta beharrak defendatzeko. Jakina, guk defendatuko dugun elkarte horrek parte hartze demokratikoa izan behar du, estatutuak kolektibo osoaren artean adostu beharko dira, lortu nahi diren helburuak guztion artean finkatu, eta bozketa bidez aukeratu elkartearen zuzendaritza, osaera, osaketa, funtzionatzeko moduak eta erabakiak hartzeko prozedurak".

Azkenik, diote «albiste ona» dela Baikok eta Enpresen Ligak hausnarketa bat egin izana eta talde gisa egiten ari diren «aldarrikapenen zilegitasuna onartu izana», eta espero dutela jarrera hori greba batzordearekin datozen egunetan egingo diren bileretan «islatzea», greba bertan behera utzi ahal izateko eta «asteburu honetan bertan» berriro lan egiteko aukera izan dezaten.p>

Baikok ohar batekin erantzun du. Haren arabera, bi aldeak «oso urrun» daude akordio batetik, eta prest azaldu da pausoak emateko, «betiere egungo krisi ekonomikoa kontuan hartuta». Dioenez, beste aldeak «hasierako planteamenduei» eusten die. «Ezinbestekotzat» jo du greba bertan behera uztea, eta azpimarratu du ezin dituela «osasun eta ekonomia krisi honetan» greba batzordeak egindako eskaerak onartu. Gastuak %22,5 handituko liratekeela dio.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.