Langabezia

Udako hiruhilekoak %10era jaitsi du langabezia tasa

Itxialdiko hiruhilekoaren aldean, zortzi hamarren apaldu da; 8.600 langabe gutxiago daude Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.

Lanbideko bulego bat. LUIS TEJIDO / EFE
xabier martin
2020ko urriaren 21a
10:38
Entzun

2020ko hasierak, langabeziari dagokionez, joera negatiboa ezarri zuen Eusko Jaurlaritzaren eskumeneko hiru lurraldeetan, Eustaten arabera, %9,5etik %9,9ra igaro baitzen tasa. Bada, lehen hiruhilekoaren egoera hori nabarmen okertu zen bigarren hiruhilekoan, itxialdiak gogorren jotako sasoian, eta indizeak %9,9tik %10,8ra egin zuen salto. Orain, berriz, Eustatek dio udako hiruhilekoak, uztailetik irailekoak, zauriak apur bat arindu dituela, langabezia tasa %10era jaitsi baita, eta 8.600 pertsona gutxiago baitaude lanik gabekoen zerrendan Araba, Bizkai eta Gipuzkoa osoan. Hala, irailaren amaieran, 101.800 langabe zeuden hiru lurralde horietan.

Kopuru horiek Eusko Jaurlaritzak urte amaierako aurreikusitakoak baino hobeak dira. Langabezia tasa %11,2ra igoko dela aurreikusi du Gasteizek, eta 30.000 landunek beharra galduko dutela. Kontuan hartu behar da, hala ere, ABEE batean dauden pertsona gehienek, % 98,6k, lanean jarraitzen dutela Eustatentzat, hiru hilabete baino lehen lanera itzultzeko asmoa dutelako edo soldataren % 50 baino gehiago kobratzen jarraitzen dutelako.

Turismoak inoizko urterik beltzena izan badu ere, zerbitzuen ekarpenak apaldu du langabezia gehien, 3.700 landun gehiago egon baitira sektore horretan udako hiruhilekoan. Bestalde, Industriak sufritzen jarraitzen duela adierazten du enplegu sorkuntzak, 100 langile gehiago baizik ez baititu zenbatu. Eraikuntzak, berriz, aldaketarik gabe jarraitu du; eta lehen sektoreak galera nabarmena izan du, 900 langile gutxiagorekin.

Gauzak horrela, 2020ko hirugarren hiruhilekoko datuen arabera, 916.300 pertsona landun daude betiere Araban, Bizkaian eta Gipuzkoako eremuan, aurreko hiruhilekoan baino 3.100 gehiago (+% 0,3). Biztanleria landunaren eta langabearen bilakaeraren ondorioz, jarduera tasa % 54,5 da, eta 0,4 puntu jaitsi da aurreko hiruhilekoarekin alderatuta.

Lurraldeka

Lurraldeka, eta aurreko hiruhilekoarekin alderatuta, Gipuzkoan hazi da gehien okupazioa, 1.600 landun gehiagorekin; ondoren Araban, 1.000 gehiagorekin, eta segidan Bizkaian 400 landun gehiagorekin. Generoari dagokionez, okupazioaren hazkundea gizonen artean gertatu da, aurreko hiruhilekoan baino 4.000 landun gehiagorekin; emakume landunak, berriz, 900 gutxiago dira.

Bestalde, hiru lurraldeetan dauden 899.300 familietatik heren batek ez dute pertsona aktiborik; hamar familiatik ia seitan pertsona aktibo guztiak lanean daude, aurreko hiruhilekoan baino 4.300 familia gehiago; gainera, pertsona aktibo guztiak langabezian dituzten familiak 31.700 dira, aurreko hiruhilekoan baino 1.200 gutxiago.

Urte arteko aldeari dagokionez, zulo handia egin du pandemiak. Azken urtean, landunen kopurua % 4,4 jaitsi da, eta langabezia tasa % 9,4tik % 10era igo da. Gainera, biztanleria landuna % 4,4 jaitsi da 2019ko hirugarren hiruhilekoarekin alderatuta, eta langabezia tasa ehuneko 0,6 puntu igo da (% 9,4tik % 10era); beraz, 2.300 pertsona gehiago daude langabezian EAEn, 2019ko hirugarren hiruhilekoarekin alderatuta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.