LABI

«Neurri selektiboak» hartzeko aukera aztertuko dute bihar

Aztertuko dute zein neurri hartu 5.000 biztanletik gora eduki eta kasu positiboak 100.000 biztanletik 500 baino gehiago dituzten udalerrietan.

Euskadiko Babes Zibileko Planaren (LABI) aholku batzordearen bilera, abuztuaren 18an. ENDIKA PORTILLO / FOKU
jon olano
2020ko urriaren 21a
12:06
Entzun

LABI babes sozialerako Euskadiko planaren aholku batzordean batzartuko dira bihar Jaurlaritza, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ahaldun nagusiak, Bilboko, Donostiako eta Gasteizko alkateak eta Espainiako Gobernuak Euskal Autonomia Erkidegoan daukan ordezkaria, COVID-19aren izurriaren hazkundeari aurre egiteko «neurri selektiboak» hartzeko aukera aztertzeko. Zehazki, 5.000 biztanle baino gehiago izan eta 100.000 biztanletik 500 positibotik gorako tasa duten herrietan hartu beharreko neurriak aztertuko dituzte.

Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakariak eman du biharko batzarraren berri. Azaldu du «egoera epidemiologikoaren jarraipen zehatza» egiten ari direla, eta Osakidetzaren eta Osasun Sailaren bidez «esfortzu izugarria» egiten ari direla baheketak egiteko: «13 eta 40 urte bitarteko biztanleria helburua identifikatzen ari gara udalerri batzuetan. Ikusiko dugu zeintzuk diren emaitzak»

LABI bihar batzartuko da, ezagutu eta gero EAEko Auzitegi Nagusiak zer erabakitzen duen Jaurlaritzak izurriaren hazkundea apaltze aldera hartutako neurrien inguruan. Besteak beste, bilerak sei pertsonatara mugatzea, elkarte gastronomikoak ixtea eta tabernen edukiera %50era jaistea erabaki zuen Jaurlaritzak.

Ildo horretan, Jonan Fernandez Trantsizio Sozialerako eta 2030 Agendarako idazkariak ETB1en eginiko elkarrizketa batean azaldu duenez, orain arte hartutako neurriak «nahikoa izan daitezen» hartu dira, baina erantsi du egoera «oso aldakorra» dela eta «astero eta ia egunero» azartu behar dutela zer neurri hartu, «neurri horiek zein ondorio dituzten eta, horren arabera, erabakiak hartu, betiere adituen iritzia entzunez».

Neurriak EH Bilduk gobernatutako herrietan

Pandemiari eta haren ondorioei aurre egiteko, «elkarlana eta baliabideak» eskatu dizkiote Jaurlaritzari EH Bilduko alkateek. Zehazki, osasun baliabideak «modu partekatuan» erabiltzeko eskatu dio Nagore Alkorta Azpeitiko alkate eta Eudelen presidenteordeak Jaurlaritzari: «Gure herrietan baheketa bat egin behar izan denean, sarritan hedabideen bitartez izaten dugu horren berri. Gure udalerrietako datuen berri ere hedabideen bidez izaten dugu, nahiz eta semaforo gorria izan eta egoera larria izan. Beharrezkoa da informazioa guztion artean partekatzea, dauden baliabideak guztion artean partekatzea, modu horretara eraginkorragoak izango garelako birusaren aurkako borrokan». Gainera, zaharren egoitzetako datuak eta ikastetxeetako datuak egunero udaletara heltzeko eskatuko du Alkortak Eudelen zuzendaritzak bihar egingo duen bileran.

Era berean, EH Bilduk gobernatutako udalerrietan neurriak zorroztuko dituzte: esaterako, eraikin publikoetan segurtasun neurrien inguruko informazioa handituko dute eta segurtasun neurriak zorroztuko dituzte. «Zaintza komunitarioari» dagokionez, herriko merkatari eta ostalariekin eta beste eragileekin hitz egiteko konpromisoa hartu dute alkateek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.