Italiako giroa

O'Connorrek atzoko arantza kendu du

Australiarra ihesaldiko indartsuena izan da etapa amaierako Madonna di Campiglio mendatean. Faboritoen artean ez da aparteko zalapartarik sortu, eta Joao Almeida liderrak ez ditu ahulezia zantzuak erakutsi; aurkakoa baizik.  

Ben O'Connor, NTT taldeko txirrindularia. LUCA ZENNARO / EFE
Mikel O. Iribar.
2020ko urriaren 21a
18:43
Entzun

Madonna di Campigliok bere garaipen zerrendan bi irabazleen izenak besterik ez zuen orain arte. 1999an, Marco Pantanik altxatu zituen lehendabizikoz bi besoak; eta 2015ean, berriz, Mikel Landa izan zen indartsuena. Bada, hirugarren txirrindularia batu da zerrenda horretara. Ben O'Connorrek (NTT) bere zigilua ezarri dio Madonna di Campiglio mendateari, hura izan baita ihesaldiko indartsuenetan indartsuena, Italiako Giroko 17. etapan. Atzokoan, australiarrak garaipena harramazkatu egin zuen; gaur, ordea, behetik erasoa jo, eta bikain errematatu du. Atzetik, Hermann Pernsteinerrek (Bahrain) erraiak bota ditu lasterketa burura iristeko, baina haren ahalegina hutsala izan da. 

Oilarren artean, berriz, Sunwebek, Wilco Keldermanen mesedetan, erritmo bizia jarri du azken igoeran, harik eta herbeheretarrak gaurko zalaparta apurrena sortu duen arte. Joao Almeida (Deceuninck) liderrak txapeldunak egin behar duen eran defentsa lanetan arazorik gabe aritu da, eta bistan geratu da portugaldarrari maglia arrosa kentzeko Keldermanek lana erruz egin beharko duela. Faboritoak multzo berean helmugaratu dira, eta sailkapen nagusiko lehen hamarretan ez da aldaketarik egon. 

Bassano del Grappan hasi da Giroko 17. etapa, eta txirrindulariek 203 kilometro egin behar izan dituzte. Madonna di Campigliora iritsi aurretik, ibilbidean lehen mailako Forcella Valbona eta Bondone, eta hirugarren mailako Durone mendateak kateatu dituzte. Kalitate handiko hemeretzi txirrindulariei eman die ihes egiteko baimena tropelak. Multzo horretan ziren O'Connorrekin batera, besteak beste, Oscar Rodriguez (Astana), Victor De la Parte (CCC), Pernsteiner —sailkapen nagusian ondoen kokatua zegoena: liderrarengandik 9.53ra—, Thomas De Gendt (Lotto Soudal), Ilnur Zakarin (CCC), Rohan Dennis (Ineos), Diego Ulissi (UAE) eta Ruben Guerreiro (Education First). Guerreirok, gainera, bi mendate nagusietan lehena izan denez, mendiko sailkapenean Giovanni Viscontiri (Vini Zabu) lehen postua kendu dio, eta, horrenbestez, elastiko urdina bereganatu du. 

Kilometroak egin ahala, ihesaldikoek tropelarekin zuten aldea handituz zihoan, eta, oker handirik ezean, garaipena bertan zegoen. Lasterketa buruko txirrindulariak Durone mendatean gora zihoazela, taldetxoa bitan banatu da, eta indartsuenek egin dute aurrera; horien artean ziren O'Connor, Pernsteiner, Zakarin eta enparauak. De la Parte eta Rodriguez, berriz, zertxobait atzeratu dira, baina, jaitsierako tartean eta Madonna di Campiblio igo aurretik zuten sasiordekan aurreko multzora batzea lortu dute. Igoera hasi orduko, lasterkariek elkarlanerako asmo handirik ez dute erakutsi, bai baitzekiten gaurko garaipena euren artean erabakiko zela. Hala, inondik ere ez zuten indar xahuketa handirik egin nahi erreleboetan.

Taldetxoari tiraka aritu den txirrindulari bakanetako bat de la Parte izan da, haren taldekide Zakarinen mesedetan. De Gendtek, berriz, ez du zuhurkeriaz jokatu, beste behin ere; bai eskuzabalegi, ordea. Izan ere, flandriarrak indarrak ez ditu ongi neurtu, eta azken kilometroetan garesti ordaindu du. Bitartean, O'Connorrek azti jokatu du. Aurkarien egoera aztertu, eta erasora jo du etapa amaitzeko zortzi kilometro falta zirela. Atzoko arantza kendu nahi zuen, kosta ahala kosta, eta baita lortu ere. Pedal kolpe onarekin zihoan maldan gora, hori izan baita australiarraren giltzarrietako bat. Ez zaio ezinaren sufrimendua ikusi, gaitasunarena baizik. Haren gurpila hartzeko benetako ausardia erakutsi duena Pernsteiner izan da. Dena den, azken hiru kilometroak eramangarriagoak zituztenez, O'Connorri garaipenak ez dio ihes egin. 

Maglia arrosaren multzoan, berriz, urduritasunaren zantzurik ez du erakutsi Almeida liderrak. Zuhaitza astintzeko ardura Sunwebek hartu du, Keldermanek, handik edo hemendik, Almeidarekiko zuen atzerapena laburtzeko xedez. Haren taldekide Jai Hindley mugitu da lehendabizi, eta herbeheretarra ondoren. Liderrak baina, sobera erakutsi du taldekiderik gabe ere maglia arrosa zaintzeko gai dela. Faboritoen artean ez da indar erakustaldirik egon, euren hanketan kilometroak pilatzen ari baitira egunez egun.

Bihar, Stelvio

Bada, batek baino gehiagok hanketako minarekin amaituko du biharko etapa, ez baitute nolanahikoa. 207 kilometro egin beharko dituzte txirrindulariek, eta Cancanoko Lakuan izango du etapak helmuga. Aurretik, ordea, aurtengo Giroko mendirik garaiena igo beharko dute: Stelvio —2.757—. Zirt edo zart egiteko tenorea iritsi zaie oilarrei. 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.