Haurreskolak partzuergoak mobilizazioei ekingo die, etorkizuna «kolokan» dagoela eta

Lan baldintzak hobetzea, negoziazioa eta kontratazioa «desblokeatzea» eskatu dute. Asteazkenean Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren aurrean bilduko dira, eta hurrengo asterako mobilizazio gehiago iragarri dituzte.

LAB, ELA eta Steilas sindikatuen agerraldia, gaur goizean. LAB
Irati Urdalleta Lete.
2020ko urriaren 22a
13:15
Entzun

«Haurreskolak partzuergoaren etorkizuna kolokan jartzen ari da Eusko Jaurlaritza». Kritika gogorra egin dute Haurreskolak partzuergoan ordezkaritza duten LAB, Steilas eta ELA sindikatuek, gaur goizean Bilbon egindako agerraldian. Hiru eskaera nagusi dauzkate: negoziatzea, lan baldintzak hobetzea eta kontratazioa «desblokeatzea».

Horretarako, mobilizazioetara jotzea erabaki dute. Datorren asteazkenean egingo dute lehenengoa, Eusko Jaurlaritzak Gasteizen duen egoitzaren aurrean, 11:00etan. Haurreskolak partzuergoko Zuzendaritza Batzordea ere orduan bilduko da. Sindikatuek batzorde horren garrantzia azpimarratu dute, bertan hartzen baitituzte haur eskoletako langileei eta hezkuntza proiektuari buruzko erabakiak, baina langileen ahotsik ez dagoela salatu dute: «Batzorde honetan ere, ez da langileon ordezkarien ahotsa entzuten». Gasteizko, Bilboko eta Donostiako Hezkuntza Ordezkaritzen aurrean ere mobilizazioak egingo dituzte, baina egunak zehazteko dituzte.

Sindikatuen hitzetan, ia bi hilabete dira ez dutela «inolako harremanik» izan partzuergoko gerentziarekin eta Eusko Jaurlaritzako ordezkariekin. Salatu dutenez, hezkuntza arloko beste sektore batzuetako negoziazio mahaietara deitzen ari diren arren, bestela jokatzen ari dira Haurreskolak partzuergokoarekin: «Oraindik ez dute negoziazio mahaira deitu, nahiz eta ikasturte honetan behin baino gehiagotan eskatu izan dugun». Jokin Bildarratz Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu eta Haurreskolak partzuergoko Zuzendaritza Batzordeko lehendakariari ere zuzendu zaizkio sindikatuak, Haurreskolak partzuergoarekiko «arduragabekeria» erakusten duela salatuz. Izan ere, sindikatuen arabera, oraindik ez du izendatu negoziazio mahaira joango den ordezkaria.

Zorione Etxezarraga gerente berriak egindako kudeaketarekin ere ez daude gustura: «Kargua hartu zuenetik, sindikatuekiko inkomunikazioa eta jarrera autoritarioak gailendu dira oro har». Gerenteak hartutako «aldebakarreko erabakien» ondorioz, Haurreskolak partzuergoaren hezkuntza proiektua «arriskuan» dagoela nabarmendu dute.

Baldintzak, okerrera

Egunerokoan bizi behar duten egoeren berri ere eman dute langileek. Azaldu dutenez, negoziazioa ukatu egin zaie, dauden hitzarmen eta araudi guztiak urratuz eta langileen ordezkaritza «gutxietsiz». Gainera, langileen kontratazio berriak geldirik daudela nabarmendu dute, eta gaixo agiriengatik, baimenegatik edo lizentziak betetzeagatik sortzen diren hutsuneak betetzeko kontratupean dauden langileak mugiarazten dituztela, «zentroen hezkuntza proiektua, irizpideak eta haurren egokitzapena hankaz gora jarriz». Hori gutxi ez, eta aparteko orduak egitera behartzen dituztela ziurtatu dute, «ordezkoak bidali ezin dituzten mehatxupean». Ehunka ordezko lanik gabe daudela ere esan dute, beharrezkoa den kontratazioa «blokeatzea» erabaki dutelako. «Zorione Etxezarragak erabaki du aurrekontua ez gainditzea —zeinak ez duen izan pandemia egoerari aurre egiteko kontingentzia planerako gehigarririk—, eta egoera hau erabiltzen ari da lanpostuak suntsitzeko eta langileon lan baldintzak okertzeko».

Azkenik, egoerari buelta emateko, beste bi eskaera ere egin dituzte: doakotasuna eta Hezkuntza Sailean integratzea.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.