BPG-a

Ekonomiaren errebotea %15,2koa izan da hirugarren hiruhilekoan

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako barne produktu gordina nabarmen hazi da udan bigarren hiruhilekoarenaren aldean. 2019arekin alderatuta, BPGak %7,7 egin du atzera. «Datu onak» dira, Pedro Azpiazuren ustez.

Bexen Medical maskara fabrika Etxebarrin. ARITZ LOIOLA / FOKU
Irune Lasa.
2020ko urriaren 23a
10:48
Entzun

Uztailetik irailera artean jarduera ekonomikoa zenbateraino suspertu den erakusten dute gaur Eustat estatistika erakundeak aurreratutako datuek. Errebotea izan da, eta ez txikia, BPG barne produktu gordina aurreko hiru hilabeteetan baino %15,2 gehiago hazi baita Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Datu positiboa lehen hiruhilekoko -%4,7ko jaitsieraren eta bigarreneko -%16,4ko amiltzearen ondoren etorri da, eta, espero zitekeen alderaketa eginez gero, itxialdia ia erabatekoa izan zen apiriletik ekainerako hilabeteekin.

Baina zenbaki gorriek hor jarraitzen dute. Urtearteko datuetan, 2019ari begira, oraindik ere atzeraldi sakonean dago ekonomia: iazko hirugarren hiruhilekoan baino %7,7 uzkurragoa da hiru lurraldeetako BPGa. Iazko urtearekin alderatuta, 2020ko hiruhileko guztiak joan dira gorrian. Lehen hiruhilekoko BPGa 2019ko epe berekoa baino %3,2 txikiagoa izan zen, pandemiak martxoaren erdia hartu zuelako. Bigarren hiruhilekoan, konfinamendurik gogorreneko hilabeteetan, ekonomia %19,5 uzkurtu zen 2019ko kopuruen aldean. Eta hirugarreneko -%7,7ak erakusten du oraindik urrun daudela krisi aurreko zenbakiak.

Enplegua

Eustaten aurrerapenaren arabera, aurreko hiruhilekotik, enpleguak %13,3ko hazkundea izan du hirugarren hiruhileko honetan, baina 2019ko epe beretik %6,5 jaitsi da enplegua, lanaldi osokoak diren lanpostuetan. Hala ere, Eustatek azaldu du Kontuen Europako Sistemak lanpostuen definiziotik kanpo uzten dituela aldi baterako erregulazioan dauden langileak.

«Datu onak»

Pedro Azpiazu Eusko Jaurlaritzako Ekonomia sailburuaren iritziz, hazkundearen «datuak onak dira», aurrez iragarritakoak baino hobeak, baina, haren ustez, «pandemia kontrolatzea izango da egiaz gakoa». Jaurlaritzak irailean egindako aurreikuspenetan, uztailetik irailera urtearteko BPGa %11,9 jaitsiko zela iragarri zuen, eta jaitsiera hori lau puntu txikiagoa izan da (-%7,7). Hala ere, Azpiazuk adierazi du kopuru horiek aurrerapena direla, eta abendura arte itxaron beharko dela behin betiko datuak zeintzuk diren ikusteko.

Enpleguan ere, Eustatek emandako datuak Jaurlaritzak aurreikusi baino hobeak izan dira, eta «jarduerarako itzulera nabarmena adierazten dute». 2019ko hirugarren hiruhilekoarekin alderatuta enplegua %9,2 jaitsiko zela uste zuen Jaurlaritzak, eta murrizketa %6,5 izan da.

Datu positiboak azpimarratzeaz gain, Azpiazuren sailak zuhurtasun mezua ere eman du: «Orain, zalantza bat dago, bizi dugun kutsatzeen olatu berriak eta martxan jartzen diren mugaketek laugarren hiruhilekoan eraginik izango duten ala ez». Irailean egindako iragarpenean, Jaurlaritzak aurreratu zuen uste zuela ekonomiak %10,1eko jaitsierarekin itxiko duela 2020a.

Iraileko termometroa

Pedro Azpiazuren sailak gaur plazaratu du, hain zuzen, Euskal Ekonomiaren Termometroaren iraileko zenbakia. Ehun aldagaitik gora kontuan hartzen dituen adierazleak dio atzeraldian jarraitzen duela ekonomiak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Bost hilabetez jarraian gora eginagatik ere 150eko eskala batean 41,6an dago termometroa, hazkundea adierazten duen 50etik azpira.

Termometroaren arabera, industriak susperraldirako urrats txikiak egiten jarraitzen du, eta sektorean bizi den giroa nabarmen hobetu da. Zerbitzuen multzoak ere irudi ona eman duela dio, baina joera horretatik kanpo utzi du turismoaren sektorea, hoteletan igarotako gauak eta aireportuetako bidaiari mugimenduak «oso txikiak» izan direlako. Enpleguan, berriz, jaitsiera moteldu egin da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.