AEB-etako bozak

Biden eta Trump pandemiaz eta migrazioaz aritu dira azken eztabaidan

Bigarren eztabaida saioak ez du zerikusirik izan aurrekoarekin. Trumpek adierazi du COVID-19aren aurkako txertoa «iristear» dela, eta Bidenek migrazio politikak aldatzeko konpromisoa hartu du.

Trump eta Biden presidentegaiek Nashvilleko Unibertsitatean egin dute eztabaida saioa. SHAWN THEW / EFE
Andoni Imaz.
2020ko urriaren 23a
11:39
Entzun

Joe Bidenek eta Donald Trumpek benetako eztabaida saio bat egin dute bart, AEB Ameriketako Estatu Batuetako presidentea aukeratzeko hauteskundeak egin baino hamabi egun lehenago, aurreko saioko ikuskizuna alde batera utzita. Hautagai demokratak estu hartu du presidentea, leporatu dio koronabirusaren krisia oker kudeatu duela, eta sendo erantzun dio hark ustelkeria egotzi dionean. Trump ohi baino neurritsuago aritu da, eta zalapartarik gabe defendatu du bere burua.

Eztabaida askoz ere bareagoa izan da, eta ez hautagaien borondatez soilik. Aurrekoa hain izan zen zakarra, arauak aldatu baitzituzten hurrengorako: gaikako txandetan, hautagai bakoitzak bi minutuko tartea izan du bere azalpenetarako, etenik gabe, bestearen mikrofonoa itzali egin baitute. Galde-erantzunetan, ordea, bizitu egin da eztabaida, eta Barack Obamaren presidenteorde ohia aurrekoan baino erosoago aritu da, nahiz eta ez den Trump bezain polemista. Kristen Welker izan da moderatzailea, NBC katearen berriemailea Etxe Zurian.

AEBetako egungo krisiaren erantzukizuna egotzi dio Bidenek Trumpi. Koronabirusaren eraginez, 223.000 pertsona hil dira han. «Gizon honek berak esan zuen hau Pazkorako bukatuko zela, baina negu beltz baterantz goaz orain, eta ez dauka planik», adierazi du. Trumpentzat, Txinak du birusaren gaineko erantzukizuna, eta larritasuna kendu dio: «Kutsatzen direnen %99 osatu egiten dira». Esan du txertoa «prest» dagoela, eta aste gutxiren buruan izango direla erabiltzeko moduan.

ACLU Ameriketako Askatasun Zibilen Batasunak aste honetan bertan esan du oraindik ez dituztela aurkitu mugan euren gurasoengandik bereizi dituzten 545 adingaberen senideak. Bidenek datu hori erabili du eztabaidan, eta esan du Trumpen migrazio politikak «kriminalak» direla. Presidenteak, berriz, defendatu du bere gobernuak «oso ondo» zaindu dituela adingabe horiek.

Welker moderatzaileak Obamaren agintaldiko migrazio politikei buruz galdetu dio Bideni, eta esan dio bera presidenteorde zen garaian ez zutela migrazio erreformarik egin, eta inoiz baino pertsona gehiago deportatu zituztela. «Luze jo zuen gauzak ondo egin arte. Ni presidentea izango naiz, ez presidenteordea», adierazi du hark. Adierazi du gobernuan emango dituen lehen ehun egunetan migrazio politiken inguruko proposamen bat aurkeztuko duela Kongresuan, agiririk gabeko 11 milioi pertsonak «herritartasunerako bide bat» izan dezaten.

Bi hautagaiek ustelkeria egotzi diote elkarri. Trumpek adierazi zuen Bidenek dirua jasotzen duela Txinatik, Errusiatik eta Ukrainatik. Hautagai demokratak gogor erantzun zion: «Zuk duzu dirua Txinan. Nik 22 urtetako errenta aitorpenak eman ditut, eta zuk, bakar bat ere ez. Zer duzu ezkutatzeko?». Izan ere, The New York Times egunkariak duela egun batzuk argitaratu zuen Trumpek banku kontu bat duela Txinan, eta 2013 eta 2015 artean 150.000 euro baino gehiago ordaindu zituela zergetan. Egunkari horrek berak azaldu zuen presidenteak AEBetan 645 euro ordaindu zituela zergetan 2016an eta 2017an.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.