EH Bilduk babestu egin ditu Jaurlaritzak COVID-19aren aurka hartutako neurriak

Neurri «irmoak» garaiz hartzeko eskatu dio Urkulluri, baita sektore kaltetuenei laguntzak emateko ere.

Maddalen Iriarte Eusko Legebiltzarrean, artxiboko irudi batean. RAUL BOGAJO / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2020ko urriaren 23a
12:25
Entzun

«Eusko Jaurlaritzak azken egunetan eta azken orduetan hartutako neurriek EH Bilduren babesa dute, babes osoa». Argi mintzatu da Maddalen Iriarte, koalizio abertzalearen Eusko Legebiltzarreko bozeramailea, COVID-19aren aurka hartu berri dituzten neurri murriztaileez. Halere, Eusko Jaurlaritzari eskatu dio neurriak azkarrago hartzeko: «Orain arte ez da lortu birusaren aurretik joatea». Eusko Legebiltzarrean egindako prentsaurrekoan egin ditu adierazpen horiek.

Iriartek neurri «irmoak» hartzeko eskatu dio Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariari. Izan ere, Iriarteren iritziz, ezin da ardura guztia herritarren gain utzi: «Zalantzarik gabe oso garrantzitsua da guztiok arduratsuak izatea, baina administrazioaren papera gakoa da».

Eraginkortasuna lortze aldera, aztarnarien sarea indartu beharra azpimarratu du: «Hilabete asko pasatu dira esan genuenetik gutxienez 500 aztarnari behar direla». Gainera, Iriarteren hitzetan, gabeziak zuzenean erlazionatuta daude protokoloarekin, ez duelako bermatzen ahalik eta kontaktu gehien identifikatzea eta horiei probak egitea, ezta positibo direnak bakartzea ere. «Horrek ezin du egun bat gehiago ere horrela jarraitu».

Eusko Jaurlaritzak hartu berri dituen neurrien gisakoak babesten jarraitzeko asmoa ere erakutsi du Iriartek: «EH Bilduk babestu egingo ditu herritarrak zaintzeko eta babesteko neurri guztiak, osasunari lehentasuna emanez, egoerak eskatzen duenaren mailan badaude eta hartu behar direnean hartzen badira».

Baina neurriak hartzearekin batera, sektore kaltetuenei laguntzak eman behar zaizkiela uste du Iriartek, esaterako, ostalaritzari. Gainera, telelanera itzultzeko aukera aztertzeko eskatu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.