Merkataritza

Erresuma Batuak eta Japoniak merkataritza akordio bat sinatu dute

Londresentzat, 'brexit'-aren osteko lehen merkataritza itun garrantzitsua da. 

Liz Truss eta Toshimitsu Motegi, gaur, Tokion. KIMIMASA MAYAMA / POOL/EFE
aitor biain
2020ko urriaren 23a
13:31
Entzun

Erresuma Batuak Japoniarekin sinatu du brexit-aren osteko lehen merkataritza akordio garrantzitsua. Irailaren hasieran egin zuten ituna, eta gaur aurkeztu dute Liz Truss Erresuma Batuko Nazioarteko Merkataritzako ministroak eta Toshimitsu Motegi Japoniako Kanpo Harremanetarako ministroak, Tokion egindako agerraldi batean.

Itun berriari esker, modu progresiboan ezabatuko dira auto japoniarren inportazioei jarritako muga zergak Erresuma Batuan, 2026rako erabat deuseztatu arte; automatikoki ezabatuko dira, halaber, tren makineriari eta manufakturari ezarritakoak ere. Gainera, Erresuma Batutik Japoniarako esportazioen %99k ez dute muga zergarik izango, gobernuaren arabera. 

Hala hitzartu zuten Europako Batasunak eta Japoniak 2018ko merkataritza libreko akordioan ere, haren kopia bat baita gaur sinatutakoa. Londresek dio, hala ere, itun haren aldean hitzarmen berriak onura gehiago emango dizkiela, besteak beste, teknologia, finantza zerbitzuak, eta elikadura nahiz sormen industria ere kontutan hartzen dituelako.

Boris Johnsonen gobernuko kideak zehaztu du aliantzak 16.090 milioi euroko negozioa eragingo diola Londresi. «Erresuma Batua berriz ere merkataritzan nazio independente bihurtu zenetik adostutako lehen merkataritza libreko akordioa da», adierazi du Tussek, brexit-ari erreferentzia eginez. Eta azpimarratu du itunak gezurtatu egin dituela EBtik kanpo merkataritza akordiorik egitea ezinezkoa izango zela esaten zuten ohartarazpenak. «Oker zeudela erakutsi dugu, denbora errekorrean adostu baitugu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.