«Batasuna eta diziplina soziala» eskatu ditu Sanchezek

Espainiako gobernuburuak esan du «hilabete latzak» datozela, baina pandemia gaindi daitekeela.

Pedro Sanchez, artxiboko irudi batean. JAGOBA MANTERIOLA / FOKU
gotzon hermosilla
2020ko urriaren 23a
13:42
Entzun

«Behin egin genuen, eta berriro egingo dugu». Espainiako gobernuburu Pedro Sanchezek aitortu du herritarrak «nekatuta» daudela pandemia gehiegi irauten ari delako, baina uste du mugimendua eta pertsonen arteko kontaktuak murriztea dela birusari aurre egiteko modu bakarra, eta horretan jarraitzeko deia egin du, «baturik, diziplina sozialez eta irabazteko grinaz».

Lurraldeen Arteko Osasun Kontseiluan hartutako erabakiak aletu ditu Sanchezek. Esan duenez, lau arrisku maila ezarri dituzte: arrisku apala, ertaina, handia eta muturrekoa. Era berean, arrisku maila bakoitzari dagozkion neurriak, eta lurralde bakoitza zer mailatan dagoen erabakitzeko adierazle eta irizpideak ere zehaztu dituzte; adibidez, hamalau egunetan metatutako intzidentzia tasa –100.000 biztanleko 250 kutsatu baino gehiago egotea izango litzateke egoera oso larria dela adieraziko lukeen datua– eta okupatutako oheen kopurua –oheen %15 edo ZIUetako oheen %25 baino gehiago okupatuta egotea–.

Irizpide horien arabera 4. alarma mailara edo «egoera oso larrira» iritsiz gero baino ez litzateke ezarriko alarma egoera. Sanchezek nabarmendu du hartu beharreko neurrien inguruko erabakia autonomia erkidegoei dagokiela, Espainiako Gobernuari jakinarazi ostean.

Sanchezek esan du «hilabete latzak» datozela, baina ziur agertu da posible dela kutsatzeak geldiaraztea. Helburu zehatz bat ere finkatu du: metatutako intzidentzia tasa, Espainian gaur egun 348koa dena, 25era jaistea.

Espainiako presidenteak uste du hori lortzeko «abantaila» batzuk badaudela, martxoko egoerarekin alderatuta: «Orain proba gehiago egiten ditugu, materialaren aldetik ere ez daukagu martxoan genuen eskasia, eta gehiago dakigu gaixotasuna kutsatzeko bideez».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.