Lan gatazka

Trenasa ixtea «onartezina» dela esan du Aierdik, eta «azkeneraino» borrokatuko dela eragozteko

Castejongo planta ez ixteko eskatu dio CAFi, eta neurri gogorrak hartzekotan planta guztietan banatu ditzala.

Iñigo Uriz / FOKU. TRENASAN ERAIKITAKO BI AUTOBUS, LANTEGIAREN APARKALEKUAN.
Imanol Magro Eizmendi.
2020ko urriaren 23a
13:56
Entzun

Manu Aierdi Nafarroako Gobernuko Ekonomia eta Enpresa Garapeneko kontseilariak kritika zorrotza egin dio CAFi Trenasa ixteko asmoaren harira. Castejongo lantegia «onartezina» dela esan du parlamentuan, eta eskaera zuzena egin dio tren ekoizleari: «Lankarga apaldu zaiola erakutsi badezake, uler daiteke enpresak erabaki batzuk hartzea, baina ezin dugu onartu erabaki horiek modu proportzionalean ez banatzea bere planta guztietan». Trenasa ixteko asmoa gauzatuko balute, 110 langile kaleratuko lituzkete. Kontsulta garaia hilaren 31n bukatuko da, eta datorren asterako hiru bilera daude hitzartuta enpresako buruen eta langile batzordearen artean.

Parlamentuan eman ditu azalpenak kontseilariak, eta gobernua lanean ari dela nabarmendu du. «Partida jokatzen ari gara, eta zeresana duten eragile guztiekin hitz egiten ari gara». Eragile guztiak zerrendatu ditu: enpresa «modu nabarmenean», Eusko Jaurlaritza, Espainiak Industria Ministerioa eta Renfe. Erakunde publikoak izendatu ditu, Aierdiren arabera Trenasak 2,5 milioi euroko diru laguntza publikoak jaso baititu: 1,8 milioi 2010aren aurretik; 373.000 euro 2010. eta 2011. urteetan; eta beste guztia, 300.000 euro inguru, hurrengo urteetan.

Aierdik azaldu du Sodena elkarte publikoak parte hartzea izan duela Vectia eta Solarisen. Sedena 2016an sartu zen Vectian, enpresaren %30 hartuz, eta beste guztia CAFen esku utziz. 2018an, bien artean kapitala handitzea erabaki zuten, eta urte hartako ekainean CAFek Solaris autobus etxe poloniarra erosi zuen; hark xurgatu zuen Vectia. Horren ondoren, eta Vectian jarritako diruaren truke, Sodenak Solarisen jabetzaren %2,8 jaso zuen, eta 2025eko abendura arte akziodunen artean mantentzea adostu zuten.

Aierdik CAFekin izandako negoziazio haien xehetasun gehiago eman ditu. CAFek eta gobernuak adostu zuten Nafarroa izango zela lehentasuna Solarisek Poloniatik kanpo ibilgailu elektrikoak ekoitziko balitu. Era berean, adostu zuten Trenasa izango zela Vectia plataformaren hornitzaile nagusia, baita Poloniatik kanpo garapenean egiten zen edozein inbertsiotarako ere.

Dena, baina, ez zen akordioa izan, eta 2019an lehen «desadostasunak» hasi ziren bi zatien aldean, autobusak Polonian edo Castejonen eraikitzearen kostuen artean alde handia zegoelako». Neurri zuzentzaileak hartzeko modua bazegoela nabarmendu du Aierdik, baina analisi horrekin ez jarraitzea erabaki zuela, «ez zelako une egokia».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.