Pentsioak

Asteartean bozkatuko dituzte pentsioen erreformarako gomendioak

Espainiako Toledoko Ituneko taldeek adostu dute pentsioak KPIa oinarri izan duen indize baten arabera eguneratzea. Lan bizitza luzatzea babestu dute, baina salbuespenak eskatu dituzte erretiro aurreratuak zigortzeko orduan. Eta finantzaketa publikoa argitzea nahi dute, pentsioen sistemari berez ez dagozkion gastuak kentzeko.

Jose Luis Escriva Gizarte Segurantzako ministroa eta Magdalena Valerio Toledoko Itunaren  batzordeko presidentea. KIKO HUESCA (EFE)
jokin sagarzazu
2020ko urriaren 23a
16:20
Entzun

Lanak hasi eta bost urte geroago, pentsioen erreforma burutzeko gomendioak adostu ditu Toledoko Itunaren batzordeak. Datorren asteartean bozkatuko dute txostena Espainiako Kongresuan. 

Lantaldean parte hartu duten legebiltzar taldeek hitzartu dute sistemaren izaera publikoari eustea eta indartzea. Guztira 20 puntu inguru ditu txostenak.

Pentsioen eguneratze eta erretiro adinak

Puntu zehatzei dagokienez, KPIa kontuan izango duen indize berri bat sortzeko eskatu dute —gobernuaren esku utzi dute hori zehaztea—, eta Mariano Rajoyren gobernuak (PP) ezarritakoa bertan behera uzteko (%0,25eko igoera, defizita dagoen urteetan). KPItik gorako igoera oro kotizazioekin ez ezik beste baliabide batzuekin ere finantzatzea proposatu dute.

PPren gobernuak erretiro adina luzatzeko hartu zuen erabakia babestu dute (65 urte eta 67 urte 2027an), baina eskatu dute, besteak beste, pentsioa kalkulatzeko orduan kontuan hartzeko 25 urtean egindako kotizaziorik onenak eta ez azken 25 urteetakoak —gutxieneko kotizazio epea: 15 urte—.

Horrek sorraraziko lukeen gastua konpentsatzeko, erretiroa hartzeko benetako adina legezko adinera gehien hurbiltzeko neurriak proposatu dituzte, besteak beste, pizgarrien bidez; ontzat jotzen da, halaber, pentsioa eta soldata bateragarri egiteko aukera, eta erretiro aurreratuak gehiago zigortzea planteatzen da. 

Bigarren proposamen horrekin loturik, baina, gobernuari eskatuko diote azter dezala zein kolektibo salbuets daitekeen zigor horietatik, erretiro aurreratuen inguruabarrak eta kotizazio karreren hedapena aztertuz, pentsiodun batzuek galera handia izan baitezakete.

Pentsio sistema osagarriei dagokienez, negoziazio kolektiboetan jasotako planak eta irabazi asmorik gabekoak lehenesteko eskatu dute. Horrez gain, soldata apalenak eta karrera profesional ahulenak babesteko formula espezifikoak galdegin dituzte. Eta gardentasun handiagoa aurrezki planetan.

Sistemaren finantzaketa

Finantzaketaren oinarrizko iturria kotizazioak izatea berretsi dute, baina iraunkorra eta nahikoa dela ziurtatzeko, beste baliabide batzuk bilatzea proposatu dute, zergen bidez.

Batzordeak, halaber, eskatu du 2023a baino lehen pentsioen sistemaren finantzaketa argitzeko: hortik kentzeko pentsioekin lotura zuzena ez duten zenbait gastu, eta pentsioen sistemaren zorpetze maila ez handitzeko, eskura dituen finantza tresna batzuk baliatuz. Gizarte Segurantzak dagoeneko detektatu ditu «gastu desegoki» batzuk, 23.000 milioi eurorenak.

Horretarako, proposatu dute honako gastu hauek uztea pentsioen sistematik kanpo eta estatuaren aurrekontuekin finantzatzea: kotizazioaren murrizketak, laguntza prestazio ez-kontributiboak, erretiro aurreraturako laguntzak, erregimen berezietarako hobariak eta adingabearen jaiotzarekin eta zaintzarekin lotutako prestazioen zati bat, eta pentsiorako osagarriak.

Gomendion zerrendan, halaber, jaso dute Erreserba Funtsean gutxieneko gerakin bat ezartzeko beharra, horren erabilgarritasuna gogortuko duen arau bati lotuta.

Horrez gain, eskatu dute kotizazioetatik haratago beste mekanismo berritzaile batzuk bilatzeko, Gizarte Segurantzaren finantzaketa osatzeko; besteak beste, teknologia berriak eta robotizazioa aipatzen dira testuan, baina ez da zehaztasun gehiago azaltzen; adibidez, roboten lana zergapetuko beharko litzatekeen. 

Emakumeak, gazteak eta inmigranteak

Horrekin guztiarekin batera, beste printzipio batzuk adostu dituzte: kotizazio oinarri ezberdina duten pentsioen arteko elkartasuna sustatzeko eskatu dute; pentsio nahikoa zer den zehazteko adierazle bat sortzeko, jarraipena egin ahal izateko; emakumeen kotizazioetan balizko tratamendu diskriminatzaileak zuzentzeko erreformak bultzatzea, batez ere gabezia aldiak kalkulatzeko orduan; gutxieneko errentetan aseguratutako zenbatekoen murrizketa proportzionalak ezabatzea; eta gazteentzako soldata duinak bermatzea, pentsio duin bat jaso ahal izan dezaten. Inmigranteak kontratatzeko, afiliatzeko eta sisteman integratzeko izapideen kudeaketa erraztea proposatu dute.

Autonomoen kotizazioak

Espainiako Gobernuaren asmoa da gomendioen taula horrek alderdi guztien babesa jasotzea. Ez du baztertzen talderen batek boto partikularren bat aurkeztea. PPk, esaterako, eskatu du patronalarekin eta sindikatuekin akordio bat egiteko autonomoen kotizazioetan: kuotaren kalkulua diru sarrera errealen araberakoa izan dadin.

Kongresuko bideaz gain, gobernua CEOE eta Cepyme patronalarekin eta UGT eta CCOO sindikatuekin ere negoziatzen ari da pentsio sistemaren erreforma, Elkarrizketa Sozialerako Mahaian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.