Proben %9,6 positiboak izan dira azken zenbaketetan

Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak kutsatutako 1.709  pertsona gehiagoren berri eman dute

arantxa iraola
2020ko urriaren 24a
13:33
Entzun

COVID-19aren izurriaren datuek gorako joeran jarraitzen dute. Eman dituzte Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak atzo egindako testen emaitzak, eta 1.709 kasu atzeman zituztela adierazi dute. Denera 17.743 test egin zituzten, eta positibo eman zutenen ehunekoa, beraz, %9,6koa da. Behin %5etik aurrera birusaren transmisio komunitarioaren arriskua egon ohi dela azaltzen dute osasun publikoan eman ohi diren irizpideek, eta egoera, beraz, kezka eragitekoa modukoa da.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Departamenduak zenbatutako kasuetan igoera oso nabarmena izan da egunotan: gaur hirugarren eguna segidan da 1.000 positiboko muga gainditu dutena. Gipuzkoan dabil, bereziki, birusa oldartuta: 620 kasu zenbatu dituzte han, 452 Bizkaian eta 136 Araban. Erietxeetan igartzen ari da igoera horren eragina: atzo COVID-19ak jotako beste 61 pertsona eraman zituzten erietxeetara. Zainketa intentsiboetako unitateetan 71 paziente daude. Gaitzaren sintomak hasi eta aste pare bueltan larriagotzen da usu pazienteen egoera, oraingo datuen igoerak erietxeetan izan dezakeen eraginari erreparatzeko, beraz, astia beharko da.

Azken datuon arabera, 28 udalerri daude Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan igaro hamalau egunotan 100.0000 biztanleko 500 kasuko intzidentzia gaindituta. Donostia muga horretara iristear dago: 476,74 kasu ditu. Muga hori gainditzen duten herrietan aparteko mugak ezarriak ditu Eusko Jaurlaritzak.

Nafarroan azken zenbaketan 497 kasu berri kontatu dituzte. Positiboen %54 Iruñerrian atzeman dituzte, eta %23 Tutera eta inguruetan. Zertzelada gehiago ere eman dituzte azken orduaz; atzo lau pertsona hil ziren COVID-19arekin, eta 30 pertsona eraman zituzten erietxeetara.

 

 

 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.