Bilboko portua

Bilboko portuak jardunaren erdia galdu du zamaketarien grebaren eraginez

Bilbo Estibak emaniko datuen arabera, industriarako hornikuntza lanen %90 ez dira egin, piketeen ondorioz. Zamaketariek ezin izan dute greba egin gaur.

Bilboko portuko bi zamaketari Txinatik iritsitako errota eoliko kargamentu bat deskargatzeko lanetan. IBERDROLA
Imanol Magro Eizmendi.
2020ko urriaren 26a
13:11
Entzun

Bilbo Estibak, Bilboko portuko lau zamaketa enpresak bateratzen dituen elkarteak, zamaketarien grebaren lehen bi asteen eragina kuantifikatu du, eta, haren datuen arabera, jardunaren erdia galdu du: «Urriaren 9tik 22ra, eta aurreko hamabostaldiarekin alderatuta, merkantzia orokorraren mugimendua %46 apaldu da, eta edukiontziena, %45». Zamaketarien greba urriaren 9an hasi zen, eta 24 orduko (hamabi egunez) eta txandako bi orduko lanuzteak tartekatu dituzte. Tartean zerbitzu minimoak bete dituzte, eta aldi baterako zamaketarien lan poltsa historikoan ez zeuden langileak deitu dituzte enpresek.

Zamaketarien bigarren grebaldia hasi den egunean eman ditu datuak Bilbo Estibak. Portuak jakinarazi duenez, azken hamabost egunetan hamasei ontziren eskala galdu du, «aurreko bi asteetan baino %18 gutxiago sartu dira». Ontzi asko Gijon eta Santanderrera (Espainia) desbideratu dituzte, baina portu horien lan ahalmena txikiagoa da. Bilbo Estibak oharrean jakinarazi duenez, kalte handiena izan duten jardunetako bat industriarako hornikuntza izan da: «Piketeen ondorioz, ezin izan dira egin lan horien %90». Jardun horiek gutxieneko zerbitzuetatik kanpo daude.

Bilbo Estibak nabarmendu du gatazkak eragin handia izan duela lurreko garraiolarien kargatze eta deskargatze erritmoan: «egun batzuetan ia %100eko etenaldia egon da». Horrez gainera, esan du grebak ondorio «oso larria» izango duela euskal ekonomiarentzat: «Merkantzien bahiketak arriskuan jartzen du enpresen jarduna. Haien ekoizpen erritmoaren oinarria etengabeko hornikuntzan dago —modu eraginkorrean egina, biltegiak bete gabe—, eta orain kate hori hautsita dago».

Greba egin ezinda

Zamaketariek greba deialdiaren bigarren aldiari ekin behar zioten astelehenez. Hurrengo bi asteetarako deialdia egina dute, txanda bakoitzeko orduen erdiak lan egiteko asmoz. Lehen egunean, baina, ezin izan dituzte egin lanuzteak, agintaritzak gutxieneko zerbitzu izendatu baititu portuan zain zeuden itsasontzi guztiak. Atsedena ez zegokien zamaketari guztiek txanda osoan egin dute lan. Era berean, eta joan den astean egin bezala, ez dituzte lanera deitu lan poltsa historikoko aldi baterako langileak. Gehienek hamabi urte daramatzate behin-behinean lanean.

Zamaketariek eta Bilbo Estibako enpresek bilera telematikoa dute asteartean, eta Lan Harremanen Kontseiluak egingo ditu artekaritza lanak. Zamaketariek salatu zuten aldi baterako langile batzuk beraiei zegozkien lanak egiten ari zirela, eta, hasiera batean puntu hori eztabaidatzeko zen arren bilera, LHK-k grebarena gehitzea onartu du. Bi aldeak agertzera behartuta daude. Ia hilabete da ez dutela bilerarik egin.  

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.