Enplegua

Uztailetik irailera, 28.800 okupatu gehiago eta 16.300 langabe gehiago Hegoaldean

Hego Euskal Herrian iaz baino 16.300 langabe gehiago zenbatu ditu INEk, eta 20.500 okupatu gutxiago. Gaindegiaren kalkuluen arabera, Euskal Herrian 145.200 langabe daude, eta langabezia tasa %9,88 da.

Langabezia tasa %10,25ekoa da Hego Euskal Herrian. ARITZ LOIOLA / FOKU
Irune Lasa.
2020ko urriaren 27a
11:18
Entzun

Pandemiak udako hilabeteetan jarduera ekonomikoari emandako parentesi laburrak enplegua suspertzea ekarri du. Hego Euskal Herrian, okupatuen kopuruak gora egin du: 28.800 pertsona uztailetik irailera. Baina enpleguari oraindik asko falta zaio krisi aurreko kopuruak izateko, iaz baino 20.500 okupatu gutxiago zenbatu baititu INEk bere inkestan. 

INEren arabera, langabe kopuruak ere gora egin du udan, eta itxialdiko hilabeteetan baino 16.300 langabe gehiago daude orain; guztira, 137.100. Horiek horrela, Hego Euskal Herriko langabezia tasa %10,25 izan da hirugarren hiruhilekoan. Dena dela, kontutan hartu behar da INEk landun gisa hartzen dituela enplegua aldi baterako erregulatzeko espedientean dauden langileak. Erregulazio berezi horiek, neurri batean, nahastu egiten dute enplegu datuen analisia. 

Gero, aldi baterako erregulazioak, orain arte, tresna baliagarria izan dira enpleguari eusteko, baina kezka handia dago zenbateraino ezkutatzen duten egoeraren gordina. Ikusteko baitago, besteak beste, haien babesak noiz arte iraungo duen. Batetik, jada iraungitzear da aldi baterako erregulazioan egondako langileen kaleratzea eragozten zuen sei hilabeteko epea. Bestetik, pandemiak berriz okerrera egin duela ikusita, enplegu erregulazioekin irauteari zentzurik ikusi ez eta suntsitu daitekeen sare produktibo guztia hor dago. 

145.200 langabe Euskal Herrian

INEren datuak oinarri, Gaindegiak Euskal Herriko langabezia kalkulatu du beste behin ere. Ekonomia eta gizarte garapenerako behategiaren arabera, langabeziak 0,56 egin du gora Euskal Herrian, %9,88raino. Eustaten datuekin, berriz, langabeziak behera egin zuen (-0,84) joan den hiruhilekoan, %9,64ko tasaraino.

Tasa desberdin horien oinarrian lan merkatuaren bi interpretazio desberdin daude. INEk langabeen eta aktiboen igoera nabarmena ikusi du uztailetik irailera; aldiz, Eustaten ustez, jaitsi egin dira bai biztanleria langabea eta bai aktiboa ere. 

INEren datuei jarraikiz, langabezia tasak lurraldearen arabera joera desberdinak izan dituela azaldu du Gaindegiak: «Aurreko hiruhilekoarekin alderatuta,  langabezia tasak gora egin du Gipuzkoan (+1,95) eta Bizkaian (+1,01) nabarmenki, eta, modu apalagoan Araban (+0,23). Aldiz, Nafarroa Garaian langabezia tasa pixka bat apaldu da (-0,14), eta Ipar Euskal Herrian are gehiago, udako sasoiari loturiko enpleguari Hego Euskal Herrian baino hobeto eutsi izana tarteko».

Eustaten datuei erreparatuta, ordea, langabeziak behera egin du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Egia da, era berean, itxialdi gogorreneko aurreko hiruhilekoan Eustatek INEk baino 20.000 langabe gehiago zenbatu zituela. 

Europako joerei ere begiratu die Gaindegiak: «Osasun larrialdiaren testuinguruan, Europan langabezia tasaren igoera nagusitzen ari da. Igoera handia da Italian eta Portugalen, eta baita Danimarkan, Alemanian, Kroazian eta Espainian ere. Azken datuen arabera, Europako herrialdeen artean Espainiak du langabezia tasarik handiena (%16,3). Ikusteko dago datozen hilabeteotan zein izango den osasun larrialdiaren bilakaera eta horrek zer eragingo duen enpleguan. Halere, gaur-gaurkoz, Euskal Herriko langabezia tasa EB-27an baino 2,6 (INE) eta 2,3 (EUSTAT) puntu handiagoa da. Europan Espainiak (%16,3), Greziak (%16,0) eta Kataluniak (%13,2) dute Euskal Herrikoa baino langabezia  handiagoa».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.