AEB-ak

Senatuak Barrett berretsi du Gorenerako

Epailearen izendapenak areagotu egin du kontserbadoreen gehiengoa AEBetako justiziako maila gorenean.

Donald Trump AEBetako presidentea eta Amy coney Barret Auzitegi Goreneko epaile izendatu berria, bart, Etxe Zurian. KEN CEDENO, EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2020ko urriaren 27a
11:45
Entzun

Sei hiruren kontra. Donald Trump AEBetako presidenteak lortu du Auzitegi Goreneko gehiengo kontserbadorea are gehiago indartzea. Berak proposatu zuen Amy Coney Barrett epailea auzitegian hutsik zegoen aulkirako, eta Senatuak bart gauean baieztatu du haren izendapena, bozetarako zortzi egun soilik falta direla. Erabakiak zenbait harmarkadetarako lerratu dezake Gorena eskuinera. Sei epaile kontserbadorek eta hiru aurrerakoik osatzen dute orain auzitegia.

«Beldurrik gabe eta aldekotasunik gabe egingo dut lan. Botere politikoekiko eta nire joerekiko independentziaz jardungo dut», adierazi du Barrettek, kargua hartu ostean. Senatuak Euskal Herrian goizaldea zela baieztatu du haren izendapena, senatari errepublikanoen gehiengoari esker. Aldeko 52 boto jaso ditu, eta aurkako 48. Demokratek aho batez egin dute Trumpek proposatutako epailea izendatzearen kontra, eta horiekin bat egin du Alderdi Errepublikanoko senatari Susan Collinsek ere.

Senatuak Barretten izendapena berretsi eta ordubetera, Trumpek ospakizun ekitaldi bat gidatu zuen Etxe Zurian, Goreneko kargudun berria alboan zuela. Trumpek Goreneko kide berria goratu zuen. «Berret sendiak AEBen bihotza irabazi du. Guztiz egokia da emakumeentzat egiazko aitzindaria izan den Ruth Bader Ginsburgen aulkia  Barrett epaileak betetzea».

Irailean hil zen Ginsburg epaile aurrerakoi eta feminismoaren ikurra. Haren tokia hartuko du Barrettek, eta areagotu egingo du kontserbadoreek lehenagotik Auzitegi Gorenean zuten gehiengoa. Orain, sei epaile kontserbadore eta hiru aurrerakoi izango dira sistema judizialaren mailarik altuenean. Karguak bizi guztirako direla kontuan izanda, litekeena da gehiengo horrek hamarkadak irautea.

Gorenak hainbat auzi garrantzitsuri buruz erabaki beharko du datozen hilabeteetan. Besteak beste, gobernuaren zenbait migrazio politika, Obamacare esaten dioten osasun babeserako legea eta abortu eskubidea murrizteko hainbat lege aztertu beharko ditu.

Horrez gain, Gorenak zeresan handia izan dezake hurrengo hauteskundeen emaitzen gainean. Trumpek aurreratu du emaitzak inpugnatuko dituela hauteskundeak galtzen baditu, eta auzia Gorenera iristea espero duela. Auzitegi horrek izango du azken hitza posa bidezko bozketa arautzeko demokratek zenbait estatutan bultzatu dituzten legeei buruz. Gorenaren jarrera erabakigarria izan daiteke, estatu horietako batzuetan emaitza oso estuak espero baitira. Esaterako, Pennsylvanian eta Ipar Karolinan.

Barretten izendapenak eztabaida handia eragin du AEBetan, Trumpek presio egin baitu azaroaren 3ko hauteskundeen aurretik egina izateko izendapena. Bozetarako zortzi egun besterik falta ez dela hautatu du Senatuak AEBetako sistema judizialean botererik handiena duen organoko kargudun bat, bizi osorako dena. Lehenengo aldia da herrialdean Gorenerako epaile bat aukeratzen dena hauteskundeetarako horren egun gutxi falta direnean. Alderdi Demokratak presidentearen erabakia kritikatu du. Oposizioaren iritziz, Gorenean hutsik dagoen aulkirako izendapena bozen ondoren presidente izango denak proposatu beharko luke.

Joe Biden demokraten presidentegaiaren iritziz, izendapena «presazkoa eta aurrekaririk gabekoa» da. Harago joan da Chuck Schumer Alderdi Demokrataren senatari taldeko burua bart. Errepublikanoek auzitegia «eskuin muturrerantz» eraman nahi dutela salatu du, eta «sutara» bota dutela beren «sinesgarritasuna».

Schumerrek 2016. urtean gertatutakoari egin dio erreferentzia. Orduan, Barack Obama AEBetako presidente zenak Merrick Garland epailea proposatu zuen Gorenean hutsik zegoen aulkirako. Martxoa zen, eta hauteskundeetarako sei hilabete falta ziren. Bada, errepublikanoek izendapen hori eragotzi zuten, Goreneko kargudun berria bozen ostean aukeratu behar zela argudiatuta.

Senatuak bart egin duen saioan, ordea, Barretten izendapena zilegi dela nabarmendu du Mitch McConnell senatari errepublikanoen buruak. «Ez dugu inolako zalantzarik auzia beste aldera izan balitz haiek izendapena berretsiko zutela».

Zenbait ordezkarik neurriak proposatu dituzte Trumpek bere agintaldian izendatu dituen hiru epaile kontserbadoreen eragina murrizteko. Alexandria Ocasio-Cortez demokratak auzitegiko epaile kopurua handitzeko eskatu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.