Islamismoa

Frantziako produktuen aurkako kanpaina egiten ari dira herrialde musulmanetan

Turkiako presidente Erdoganek Frantziako Macronen buruko osasuna zalantzan izanak bi herrialdeen arteko ika-mika diplomatikoa piztu du.

Macron eta Erdogan, iaz Japoniako Osakan eginiko G20aren goi bilkuran. TURKIAKO GOBERNUA / EFE
Edu Lartzanguren.
2020ko urriaren 27a
13:23
Entzun

Elur bola handitzen ari da. Islamista batek Paristik gertu irakasle bati lepoa moztu izanak jarri zuen martxan gurpila, eta hainbat herrialde musulmanetan Frantziako produktuen aurkako kontsumo boikota eragin du azken orduotan.

Parisek boikoterako deia arbuiatu du, eta hura gutxiesten saiatu da, «gutxiengo fanatiko» baten deialdia dela argudiatuta. Baina Turkiako presidente Recep Tayyip Erdoganek berak atzo eskatu zien herritarrei Frantziako produkturik ez erosteko.

Boikoterako deiek «bihurritu egiten dute Frantziak kontzientzia, adierazpen eta erlijio askatasunaren inguruan duen jarrera», adierazi du Frantziako Atzerri Ministerioak agiri baten bidez. «Ondorioz, boikoterako deiek ez dute zentzurik, eta berehala amaitu behar dute, gure herrialdearen aurkako eraso guztiak bezala, muturreko gutxiengo batek erabilitakoak».

Beste estatuetako gobernuei laguntza eskatu die Parisek, kanpaina gelditzeko.

Joan zen astean, Samuel Paty irakasleari estatu omenaldia egin zioten, eta horretan parte hartu zuen Macronek. Islamista batek hil zuen irakaslea, hark ikasleei Mahomaren karikatura batzuk erakutsi zielako, ikasgelan adierazpen askatasunaren gaiaz eztabaidatzeko.

Omenaldian, Macronek esan zuen Frantziak ez ziola uko egingo karikaturak egiteko eskubideari. Horrez gain, Parisek islamismoarekin lotzen dituen hainbat elkarte sakabanatu eta debekatu ditu azken egunotan.

Horrek guztiak protestak eragin zituen asteburuan hainbat herrialde musulmanetan. Besteak beste, Turkian, Jordanian eta Iranen agintariek gaitzetsi egin dituzte Macronek karikaturei emaniko sostengua. Konferentzia Islamikoaren Erakundeak ere «biraozko marrazkiak etengabe argitaratzea» gaitzetsi du, eta Macronen adierazpenek «Frantziaren eta musulmanen arteko harremanak zulora eramateko arriskua» dakartela gaineratu du.

Erdoganek Macronen hitzak gaitzetsi zituen, baina zuzenean jo zuen Frantziako presidentearen kontra: «Joan aztertzera burutik sano ote zauden», esan zion. Parisek Ankaran duen enbaxadorea erretiratu zuen, hitzon aurkako protesta gisa. Atzo, boikot dei zuzena egin zuen Erdoganek, eta Frantziako produkturik inoiz ez erosteko eskatu zien herritarrei.

#BoycottFrance traola erruz zabaldu da asteburuan Twitterren. Boikot deialdiak eragina izan du Pakistandik Qatarreraino. Azken honetan, hainbat saltoki kate handik iragarri dute kendu egingo dituztela Frantziako produktuak apaletatik. Kuwaiten Frantziako gaztak eta lurrinak jarri dituzte jomugan, eta hainbat bidaia agentziak Frantziarako hegaldiak erreserbatzeari utzi diote. Frantziako produktu guztiak kentzea erabaki dugu, Jainkoaren profeta defendatzeko testua zuen pankarta bat zintzilikatu dute saltokietako batean.

Marokoko Atzerri Ministerioak «gogor gaitzetsi ditu «islama eta profeta laidotzen dituzten karikaturak» argitaratzen jarraitzeak, baina ez du Rabateko gobernuak ez du boikoterako deialdirik egin. Libian Frantziako bandera bat erre dute manifestazio batean. Gazan Macronen irudiak erre dituzte.

Pakistango lehen ministro Imran Khanek «polarizazioa» bultzatzea leporatu dio Frantziako presidenteari.

Haatik, Europako buruzagien sostengua jaso du Macronek. Alemaniako Gobernuko eledun Steffen Seibertek adierazi duenez, Erdoganen hitzak «onartezinak» dira. Europako Batzordeko buru Ursula von der Leyen ere Macronen alde mintzatu da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.