Pentsioak

EH Bildu abstenitu egin da Toledoko Itunean, eta EAJk alde bozkatu du

Alderdi subiranistak kritikatu du testuak ez dituela jasotzen Euskal Herriko pentsiodunen eskaerak. Jeltzaleek uste dute erretiro arreratuen gaian gehiago sakondu behar dela.

Pentsiodunen mugimenduak Donostian eginiko manifestazio bat. JUAN CARLOS RUIZ (FOKU)
jokin sagarzazu
2020ko urriaren 27a
14:15
Entzun

Pentsioen sistema erreformatzeko Toledoko Itunaren batzordeak onartu egin ditu joan den astean adostutako gomendioak, eta datozen egunetan Espainiako Kongresuaren osoko bilkurara eramango ditu, bozketa egiteko eta taldeek boto partikularrak aurkezteko aukera izan dezaten.

Horrekin batera, gobernua CEOE eta Cepyme patronalekin eta CCOO eta UGT sindikatuekin ere ari da negoziatzen. Batetik eta bestetik ateratako ondorioekin egin beharko du azken testua.

Gobernuaren asmoa zen aho batez onartzea ostiralean adostutako gomendioen zerrenda, baina, azkenean, ez da hala izan. Alde bozkatu dute PSOEk, Unidas Podemosek, PPk, Junts pel Sik, EAJk eta Coalicion Canariak. Abstenitu egin dira ERC, EH Bildu eta BNG. Voxek aurka bozkatu du.

Akordio honekin, duela lau urte hasitako lanei amaiera jarri diote. Testuak 21 gomendio jasotzen ditu —hemen zerrenda osoa—. Besteak beste, taldeek adostu dute pentsioak KPIa oinarri izan duen indize baten arabera eguneratzea; lan bizitza 67 urtera arte luzatzearen alde azaldu dira, baina salbuespen batzuekin erretiro aurreratuak zigortzeko orduan; eta finantzaketa publikoa 2023a baino lehen argitzea nahi dute, pentsioen sistemari berez ez dagozkion gastuak kentzeko.

Euskal Herritik

EH Bildu ez da akordiora batu; abstenitu egin da, pentsiodunen mugimenduak azken hilabeteetan egindako «aldarrikapen nagusiak» kontuan hartzen ez dituelako. «Anbiguotasuna eta zehaztasun falta» egotzi dizkio testuari, eta boto partikularra aurkeztuko duela aurreratu du Iñaki Ruiz de Pinedo diputatuak.

Akordiora batu ez den arren, EH Bilduk zehaztu du ez diola uko egiten hurrengo asteetan adostasunak lortzeari, baina azpimarratu du «irmotasunez eta behin eta berriz» eskatuko duela testuan baztertuta geratu diren eskaera nagusiak sartzeko.

Honako hauek zerrendatu ditu: pobreziaren mugatik gorako pentsioak, 65 urterekin erretiratzeko adina berreskuratzea, jasangarritasun faktorea ezabatzea, eta pentsio osoa jaso ahal izateko kotizazio aldia 35 urtetik 37 urtera ez luzatzea.

«Pentsiodunen mugimenduarekin konpromisoa hartu genuen beren aldarrikapenak Madrilera eramateko, eta hala egingo dugu», esan du Ruiz de Pinedok. Gaineratu du aldarrikapen horiek «zentzudunak, bidezkoak eta, batez ere, atzeraezinak» direla.

EAJk ez du argitu boto partikularrik aurkeztuko duen ala ez. Pozik azaldu da batzordeak egin duen lanarekin. Iñigo Barandiaran diputatuak azpimarratu du akordio horrekin pentsiodunei «konfiantza» ematen zaiela. Nabarmendu du orain eztabaida nagusia aurre erretiroen gaian zentratu behar dela: enpresen erretiro planak osatzearen alde azaldu da EAJko kidea.

Bizkaiko pentsiodunen mugimenduak, berriz, manifestazio bat antolatu du larunbaterako. Asteazken honetan emango dituzte xehetasun gehiago.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.