Pilota

Kronologia

Julen Etxeberria.
2020ko urriaren 27a
18:13
Entzun

Irailak 15. Baiko enpresako pilotari gehienek prentsaurrekoa eman zuten Tolosako (Gipuzkoa) Beotibar pilotalekuan, eta enpresari eskatu zioten «azkenaldiko jarrerak eta jokabideak» alda zitzala. Hori egin ezean, mobilizazioak egiteko «prest» azaldu ziren. Victor Estebanek eta Iosu Eskirozek ez jarraitzea salatu zuten, baita Jose Ramon Garai zuzendari nagusiarengandik jasotako «tratu txarra» ere. Pilotari profesionaletan elkarte bat sortzeko asmoa azaldu zuten.

Irailak 20. Baikok jakinarazi zuen Unai Lasok ez zuela kontratua berritzeko eskaintza onartu, eta ez zuela jarraituko enpresan.

Irailak 23. Olaizola II.ak, Urrutikoetxeak eta Imazek izan ezik, Baikoko pilotari guztiek salatu zuten enpresak ez ziela ezer esan egindako eskaerez, eta Garairen jarrerak, «aldatu beharrean, orain arteko bide autoritario beretik» jarraitzen zuela. Lasok enpresan ez jarraitzea deitoratu zuten, eta laguntza eskatu zieten erakunde publikoei, arazoa konpontzeko.

Irailak 26. Baikok jakinarazi zuen Jon Mariezkurrenak ez zuela kontratua berritzeko eskaintza onartu. Enpresak «gehiegizkotzat» jo zituen pilotariak egindako eskaerak. Mariezkurrenak, berriz, salatu zuen «lotsagarria» zela horren eskaintza baxuak egitea. «Guk ez dugula berritu nahi izan esan nahi dute. Nire eskaerak gehiegizkoak izan direla diote, baina eskatu dudan gauza bakarra lan baldintza duinak edukitzea izan da». Pilotari taldeak «babesa» azaldu zion Mariezkurrenari, eta salatu zuen enpresari bilera eskatu ziotela, baina «betiko erantzuna» jaso zutela: «isiltasuna». Haien batasuna «usteldu» nahi izana egotzi zioten ere enpresari.

Irailak 27. Imazek salatu zuen pilotari batzuk ez zirela «ondo» portatu berarekin.

Irailak 28. Unai Lasok kritika oso gogorrak egin zizkion Baikori Berriari emandako elkarrizketa batean. Besteak beste, salatu zuen enpresak berritzeko egin zion eskaintza ez zela duina. Mariezkurrenak, berriz, enpresari «informazioa filtratu» izana leporatu zion Imazi. Egun berean, Aspeko pilotariek Baikon akordioa lortzeko «pausoak» eman zitezela eskatu zuten.

Urriak 1. Garaik prentsaurrekoa eman zuen, eta bertan esan zuen COVID-19ak eragindako egoera ekonomiko txarrari egokitu behar izan zutela. Pilotariekin hitz egiteko «prest» azaldu zen.

Urriak 2. Pilotariek hamabi eguneko greba deitu zuten. «Gutxieneko lan baldintzak, errespetua eta gardentasun ekonomikoa» eskatu zizkioten Baikori, baita enpresatik kanpo geratutako pilotarien kasuak «berriro aztertzeko» ere.

Urriak 7. Baikoko arduradunek eta pilotarien taldeko ordezkariek bilera egin zuten Bilbon. Amaieran, pilotarien ordezkariek esan zuten «ilusioz eta gogoz» joan zirela bilerara, baina «oso burumakur, etsita eta desilusio erabatekoz» etxeratuko zirela. «Gardentasun eta borondate falta» egotzi zioten enpresari, eta greba deialdiari eutsi zioten. Garai, berriz, hitz egiteko «prest» azaldu zen. Bilera hasi aurretik, Imazek salaketa jarri zuen Mariezkurrenaren aurka, hark haren aurka egindako adierazpenengatik.

Urriak 8. Pilotariek bozketa egin zuten, eta aho batez erabaki zuten greba egitea. Aspeko pilotariek erabaki zuten ez jokatzea Baikok antolatutako jaialdiak.

Urriak 10. Agirre-Albisu ez ziren aurkeztu Ezkurdia-Bikuñaren aurkakora, eta Enpresen Ligako epaileak galdutzat eman zien lehia. ELAk iragarri zuen salaketa jarriko zuela.

Urriak 13. ELAk salaketa jarri zuen, eta kautela neurriak eskatu zituen, finala atzeratu zedin.

Urriak 16. Epaileak kautelazko neurriak onartu zituen, eta finala bertan behera utzi zuen.

Urriak 19. Jokin Altunak, Joseba Ezkurdiak, Aimar Olaizolak eta Mikel Urrutikoetxeak Pilotarien Elkartea sortu zutela jakinarazi zuten.

Urriak 20. Baikok eta pilotari grebalarien ordezkariek bigarren bilera egin zuten, baina ez zen akordiorik izan. Grebalarien ordezkariek esan zuten «hurbilketa» egon zela, baina «akordio sendoak» eskatu zizkioten Baikori.

Urriak 21. Pilotari grebalariek aho batez erabaki zuten lanuztea azaro amaiera arte luzatzea. halaber, jakinarazi zuten ez zutela Pilotarien Elkarteakin bat egingo. Hura sortzeko moduari kritikak egin zizkioten.

Urriak 23. Altunak eta Ezkurdiak ohar batean esan zuten «borondate onenarekin eta zentzuzko irtenbide bat bilatzeko asmoz» osatu zutela Pilotarien Elkartea. «Ez gaituzte erabili», azpimarratu zuten.

Gaur. EPEL eta grebalariak akordio batera iritsi dira lanuztea bertan behera uzteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.