Kultur politikak

Kultur langileen estatutu bat eratu nahi du Jaurlaritzak

Sektorearen erregulazioa eta profesionalizazioa indartuko duen araudi bat sortzea da asmoa.

Bingen Zupiria, gaur, Eusko Legebiltzarrean. RAUL BOGAJO/ FOKU
aitor biain
2020ko urriaren 28a
12:57
Entzun

Ardura eta eginkizun berriekin ekin dio Bingen Zupiriak legealdi berriari, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren karguaz gain Eusko Jaurlaritzako bozeramaile kargua ere haren gain jarri baitu lehendakariak. Baina, lan ardatz berriak izango baditu ere, aurreko agintaldian hasitako suspertze eta berregituraketa ahaleginari jarraitutasuna ematea izango da sailaren ardura nagusia datozen lau urteetan. Hala adierazi du Zupiriak, legealdiko asmoen berri emateko Eusko Legebiltzarrean egindako agerraldian. 

2008ko krisiak kulturaren sektorean eragindako ondorioei erantzutea izan zen sailaren aurreko agintaldiaren zeregin nagusia, baina COVID 19aren izurriak kolpean eten zuen ahalegin hori, eta, orain, are gehiago makurtu eta zaildu da egoera. Zupiriak aitortu du ziurgabetasuna handia dela, eta itzal horrek eragin nabarmena izango duela sailaren erabakietan ere. Eta, hain zuzen, autokritika txiki batekin abiatu du hitzaldia sailburuak: «Kasu askotan, seguru nago ez dugula asmatu edo berandu iritsi garela», aitortu du, krisiaren albo kalteei aurre egiteko hartutako neurriei erreferentzia eginez.

Nolanahi ere, atzera begiratu baino gehiago, hurrengo urteei erreparatu nahi izan die sailburuak, eta, horretarako, bost lan ildo zerrendatu ditu, bost konpromiso.

Estatutua

Lehenak kultur sortzaileekin eta ekoizleekin du lotura. «Euskadi herri sortzailea izatea nahi dugu», adierazi du Zupiriak. Eta, horretarako, ezinbestekotzat jo du sortzaileen lan baldintzetan eta profesionalizazioan sakontzea; izan ere, sailburuaren hitzetan, alderdi horretan ageri dira sektorearen ahuldade nagusiak. Bada, horri aurre egiteko, kultur profesioen inguruko estatus bat sortzeko asmoa du Jaurlaritzak. 2018an, Espainiako Kongresuan abiatu zuten egitasmoa, baina testu hark ez zuen jarraipenik izan, eta, Jaurlaritzaren iritziz, koronabirusaren krisiak agerian utzi du «erregulazio eta profesionalizazio egoki baten beharra». Bada, estatu haren baliokide izango litzatekeen araudi bat onartu nahi du behar hori betetzeko. 

Ildo horretan, Zupiriak azpimarratu du, halaber, foru aldundiekin eta Madrilekin aztertuko dutela fiskalitateari dagozkion puntuak ere, ogasunek sektoreko langileen bereizgarritasunak aintzat hartu ditzaten. Kulturgileei eskainitako laguntzak beharrizan berrietara egokituko dituztela ere aipatu du.  

Euskal Artearen Sistema

Kultur eskaintza indartzea eta sustatzea ere helburuen artean jarri du sailburuak. «Kulturaren Euskal Hiria eraikitzen lagundu nahi dugu», esan du. Izurriaren ondorioz eskaintza hori eten egin bada ere, egoerak ahalbidetzen duen heinean berreskuratzeko lan egingo dutela azpimarratu du. Nazioarteko proiekzioa duen Artearen Euskal Sistema eratuko du Jaurlaritzak horretarako. Sistema horrek eragileen arteko lankidetza antolatu eta indartu nahi du, sorkuntzaren sustapen bultzatu eta lanen hedapena zabaltzeko. Museoen sarea ere berritu nahi Zupiriak. 

Ondarea

Aurreko legealdian onartu zuen Kultur Ondarearen Legean sakondu nahi du Jaurlaritzak datozen urteetan ere. Eta, horretarako, Euskadiko Industria Ondarearen Zentroa eraikiko du Barakaldon (Bizkaia). «Memoria bizia eraiki nahi dugu, herri gisa, gure iraganaren memoria zaintzeko eta etorkizunean duen eragina aintzat hartzeko», esan du Zupiriak. 

Digitalizazioa

Digitalizazioa du laugarren konpromisotzat sailburuak; izan ere, Zupiriak adierazi duenez, mundu digitala «behar bezala jorratu gabeko eremua» da euskal kultur sektorearentzat, eta pandemiak agerian utzi du hori. Horiek horrela, «lehentasunezko lan ildo gisa» jarri du digitalizazioa sailak, eta trantsizioa egiten laguntzeko neurriak iragarri ditu. Horietako bat da Euskal Kulturaren Atari Digitala. Euskarianaizeneko plataforma digital horretan bilduko dira euskal kulturaren alor guztietako erreferentziak eta informazio askotarikoak. «Gure kultur sorkuntzaren eta ondarearen bilgune, informazio iturri eta erakusleiho digital nagusia izango da, eta oinarrizko lanabes bat ere bai, euskal kulturaren digitalizazioan eta ikusgarritasun digitalean», esan du Zupiriak. 

Euskadiko Irakurketa Publikoko Sarea handitzen jarraitzea, Irakurketa Sustatzeko Euskal Plana zehaztu eta onartzea edo eta e-liburutegia garatzen jarraitzea ere badira sailaren erronkak legealdi berriari begira, Zupiriak azaldu duenez. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.