Haurreskolak partzuergoko negoziazio mahaia biltzeko eskatu dute

Haurreskolak partzuergoko langileek eskatu dute bertan behera uzteko «alde bakarrez» hartutako erabakiak. Gaur goizean, protesta egin dute Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren aurrean.

Haurreskolak Partzuergoko langileen protesta, gaur goizean, Gasteizen. RAUL BOGAJO / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2020ko urriaren 28a
13:02
Entzun

Haurreskolak partzuergoko langileek mobilizazioak iragarri zituzten, eta horrela egin dute gaur. LAB, ELA eta Steilas sindikatuek deituta, Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren aurrean elkartu dira, Gasteizen, «benetako negoziazioa» eskatzeko: «Ez da bildu ikasturte hasieratik eskatu dugun negoziazio mahaia», azpimarratu dute.

Beste hiru eskaera nagusi ere jarri dituzte sindikatuek mahai gainean: «berehala» indargabetzeko haur eskoletako langileei eta hezkuntza proiektuari eragiten dieten «aldebakarreko erabakiak», besteak beste, langileen desplazamenduak eta aparteko orduak; Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko ordezkariren batek parte hartzea Haurreskolak partzuergoko negoziazio mahaian; eta lan hitzarmena eta gainerako arauak betetzeko.

Negoziazioaren falta sumatu dute orain arte. Zorione Etxezarraga Haurreskolak partzuergoko gerentearen jokaera salatu dute sindikatuek; haien hitzetan, Hezkuntza Saileko ordezkaria agertu ez zen bilera batera deitu zituen, negoziazio mahaia zelakoan, «mugimendu zikin eta iruzurrezkoa eginez». Horrez gain, nabarmendu dute oraindik Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu Jokin Bildarratzek ez diela jakinarazi zer ordezkari bidaliko duen mahai horretara. «Lotsagarria iruditzen zaigu Eusko Jaurlaritzak Haurreskolak partzuergoarekiko erakusten duen arduragabekeria».

Euren eskaerak bete ezean, sindikatuek eutsi egingo diete datorren asterako Bilbon, Donostian eta Gasteizen deitutako mobilizazioei, eta ohartarazi dute mobilizazioak indartuko dituztela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.