Ingurumena

Lindanoaren «arazoari» irtenbide bat emateko eskatu dio Ekologistak Martxan-ek Europako Parlamentuari

Ekologistek gogoratu dute Barakaldoko Oiola urtegiko uretan eta haren bueltako lurzoruan substantzia toxiko hori dagoela.

Oiolako urtegia (Barakaldo, Bizkaia). LUIS JAUREGIALTZO / FOKU
Igor Susaeta.
2020ko urriaren 28a
13:39
Entzun

Lindano substantzia toxikoak eragiten duen «ingurumen eta osasun publikoko arazoari» irtenbide bat emateko eskatu dio Ekologistak Martxan-ek Europako Parlamentuari. Erakunde ekologista horren arabera, estatuen jarduera «kontrolatu» behar da, «indarrean dagoen legedia zorrotz betetzen dutela ziurtatzeko». Europako Batzordeak 2008an debekatu zuen lindanoaren erabilera, baina pestizida gisa erabiltzen da oraindik. Ekologistek duela bi aste argitaratutakoLindanoa: ondare toxiko baten gaurko egoera azterlanak erakusten du Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako lurzoru eta ibai ugaritan dagoela lindanoa.

Carlos Alonso Ekologistak Martxan-eko kideak hitz egin du, telematikoki, parlamentuaren eskaeren batzordean, eta Barakaldoko (Bizkaia) Oiola urtegiko kasua izan du hizpide. Gogoratu du han topatutako lindano balioak 2,5 aldiz handiagoak direla gainazaleko uren ingurumen kalitaterako Europako eta Espainiako araudiak ezarritakoak baino. «Dike horrek giza kontsumorako ura biltzen du, lindanoa duela aspalditik jakin arren». Ekologistak oroitu du 2014tik ez dela erabiltzen Oiolan bildutako ura herritarrek edan dezaten, baina substantzia toxikoak han jarraitzen duela. «Baita kutsatutako lurzoruen inguruko zuhaitzen zurean ere».

Galiziako eta Aragoiko (Espainia) ekologistek ere parte hartu dute agerraldian, eta denek galdegin diote Europako Parlamentuko Eskaera Batzordeari eskatu diezaiela bai EB Europako Batasuneko estatuei eta bai batzordeari berari  neurriak har ditzatela ingurumena eta «osasun publikoa» babeste aldera. Ekologistek uste dute lindano hondakinen bilaketa «gehiago» egin behar direla, eta «deskutsatze plan integral bat hasteko funtsak» eskatu dituzte.

Bide batez, iruditzen zaie arreta neurri «bereziak» ezarri behar direla gehien kaltetutako eremuetan; esaterako, artzaintza debekatzea, eta kutsatutako uretan «bainatzeko, urez hornitzeko eta beste erabilera batzuetarako mugak ezartzea». Ekologistentzat, neurri horiek guztiak hartzeko orduan koordinatuta jokatu behar dute EBk, estatuek eta autonomia erkidegoek, «ezagutzak eta jarduerak partekatuz».

Minbizia eragiten du

IARC Minbizia Ikertzeko Nazioarteko Agentziak uste du lindanoak minbizia eragiten duela gizakiengan. «Gainera, toxiko iraunkorra da, baita oso lurrunkorra eta biometatzailea ere. Arnastean, larruazalaren bidez edota irentsiz sartzen da gure gorputzetan. Hori gutxi balitz bezala, nerbio sistemari eragingo lioke; esposizioa luzea izango balitz edo behin eta berriro gertatuko balitz, odolean eta organoetan eragina izango luke, eta alterazio hormonalak eta ugalketakoak eragin litzake», azpimarratu du Ekologistak Martxan-ek, ohar batean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.