Literatura

Kantatu ez diren hitzen musika

Itxaro Borda, Jule Goikoetxea, Tere Irastortza, Miren Agur Meabe eta Arantxa Urretabizkaiaren zortzi olerki musikatu ditu Antton Valverdek. 'Hitzak hots’ liburuxka eta DVDan jaso dute emaitza, Pamielaren eskutik. Anjel Lertxundik sustatu du lana.

Tere Irastortza, Antton Valverde, Mari Jose Teleria eta Anjel Lertxundi, gaur goizean, Donostian. GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA
itziar ugarte irizar
2020ko urriaren 28a
13:48
Entzun

Galdera bat den-denaren abiapuntuan: «Zergatik musikatu da emakumezkoen hain testu gutxi euskal kantagintzan?». Galdera bat eta zor baten kontzientzia, akaso. Anjel Lertxundik Antton Valverderi aipatu zion hausnarketa, elkarlanerako lur bila zebiltzala. «Hauxe da nirea», pentsatu zuen Valverdek: lanari ekin, Lertxundik pasatu zizkion euskal emakume poeten liburuetan aztarka hasi, eta musikatzeko egokienak iruditu zitzaizkionekin osatu zuen sorta. Bost poeta, bost poetika, eta zortzi poema.  Itxaro Borda, Jule Goikoetxea, Tere Irastortza, Miren Agur Meabe eta Arantxa Urretabizkaia. Emanaldi forma eman zioten hasieran, han-hemen aurkeztu zituzten kontzertu eran, eta, grabatzeko urratsa egitean, Txillida Leku museora (Hernani, Gipuzkoa) jo zuten. «Hollywoodek ere ez daukan espazio eder batera», Lertxundiren esanetan. Hori da orain Hitzak hotsargitalpenean eskura jarri dutena, emanaldi hura eta poemen bilduma laburra. Pamielak eman du argitara, Littera&Musika bildumaren barruan eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin.

Lertxundiren hitzek irekitzen dute lana, bai paperezkoa eta bai ikus-entzunezkoa. Bertan kontatzen du anekdota: nola adiskide batek Mallarmeri abisu eman zion Debyssyk musika jarri ziola bere L’après-midi d’un faune poema luzeari. Eta nola erantzuten zion hark, galdera forman eta harrituta: «Debussyk musika jarri diola? Nik jarri ez nion ba?». Ez zebilela gaizki kontatzen du Lertxundik testuan, berak ere jarri ziola bere musika, baina hitzen hotsen bidez. Hortik proiektuari eman dioten izena, «eta ez alferrik», Lertxundiren esanetan: «Musikak baditu bi alderdi: hots moduan jaiotzen da, baina laster elkartzen da letrarekin, eta kantak sortzen dira; antzinatetik ezagutzen ditugu letra kantatuak. Hitzena, literatura, eta hotsena, musika, historian beti mantendu den ezkontza bat da». Eta espiritu horrekin jardun dutela zehaztu du idazleak.

Valverderena da lana osatzen duten poemen selekzioa, «intuizioari eta gustuari» segika egindakoa. «Eskuetan hartu, mila buelta eman, eta azkenean batzuekin maitemindu egiten zara», kontatu du. Ondokoa da sorta: Urretabizkaiaren Palmondoak; Bordaren Oragarre Run eta Milia lastur revisited; Goikoetxearen Hotsa dabil; Irastortzaren Maite zaitut gorputz eta Lo kanta bat ama batentzat; eta Meaberen Antsien oharrak-4 eta Gauza konkretuak. Zortzi horietatik zazpirentzat idatzi du doinua Valverdek; salbuespen modura, Meaberen lehen olerkirako Jesus Guridiren doinu bat baliatu du. Gogora ekarri du, gainera, bost egilek eta zortzi testuk euskal konpas ezaguna osatzen duela, zortzikoa.

Proiektuan aritu diren beste kideak ere oroitu ditu: tartean, Francisco Herrero eta Xabier Zeberio (Alos Duo), eta bere anaia Javier Valverde, zeinak azala egin baitu.

«Elkar irakurtzeko ordua da»

Musikatutako bost poetetatik, Irastortza izan da lanaren aurkezpenean. Valverdek eta Lertxundik egin zioten proposamena poz handiz eta haiekiko estimazioz jaso izana oroitu du. Baita bere bi poema horiek hautatu izana ere: «Gorputza lotzen ari garen garai hauetan, oso esanguratsu bihurtzen dira». Edertzat jo du «bost emakume bederen» batera topatzea antologia batean. Eta galdera bat egin du: «Zenbat gara euskal emakume idazleak?». Ehunka, dio. «Beraz, arrantza egiteko aukera badago». Euskal poesiaren historian kantura eraman izan diren gizon poeta zenbait ere aipatu ditu, Etxepare eta Oihenart, esate batera, eta haien testu batzuk emakumeekiko indarkeriak zeharkatzen dituela oroitarazi. «Gu ohituta gaude gizonezkoen lanak irakurtzen. Elkar irakurtzeko ordua da».

Iazko abenduan grabatu zuten Txillida Lekuko zuzenekoa —poeten parte hartzearekin, Goikoetxea salbu—, baina pandemiak atzeratu egin du argitalpena. «Katakonbetan bezala bizitzeko zorian gaude berriro», aipatu du Lertxundik, eta kultura «lepoa atera nahian» ari dela hor. «Baina, hara non, katakonba horietan irakurketa, musika, antzerkia, zinema... ditugu bidelagun, eta laguntzen digute gure barne izuak askatzen. Une artistikoak eta gozamenezkoak ere ematen dizkigu bakardadera biltze honek». Hitzak hots-ek hori lortuko balu, lanak «fruitua eman duen» seinale litzateke egileentzat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.