Ostalaritza

Ostalariek protestara joko dute, «kinka larrian» daudela salatzeko

SOS Ostalaritza taldeak manifestaziora deitu du. Ohartarazi dute ostalaritza mugatzeko neurriek negozio asko ixtea ekar dezaketela, eta laguntzak emateko eskatu dute.

Bergarako kafetegi bateko terraza, hutsik. GORKA RUBIO/FOKU
Maria Ortega Zubiate
2020ko urriaren 28a
15:15
Entzun

Ostalariak «etsita» agertu dira. SOS Ostalaritza taldeak agerraldia egin du, egungo egoerari buruzko iritzia emateko. Ohartarazi dute koronabirusari aurre egiteko murrizketa neurriek negozio askoren «behin betiko itxiera» ekar dezaketela. Eusko Jaurlaritzari eta Espainiako Gobernuari eskatu diete eman ditzatela sektorerako diru laguntzak; nabarmendu dute osasun egoera hobetzeko neurriak beste sektoreetan baino zorrotzagoak izan direla ostalaritzan.

«Egoera oso gogorra da. Askok etxea berriz hipotekatu behar izan dute alokairua ordaindu ahal izateko, eta askok galduko dute etxea. Nik neuk ere kreditua eskatu behar izan nuen martxoan, konfinamenduko hiru hilabeteak oso-osorik ordaindu behar izan nituelako. Aurrezki guztiak ari naiz erabiltzen honetarako”, kontatu du ostalari batek —ez du izenik eman nahi izan—. Agerraldian azaldu dute diru sarreren %60-80 galdu dutela ostalariek, eta batzuek, diru sarrera guztiak. Gastuak, ordea, ez zaizkie hein berean jaitsi. Zergetan aldaketak eskatu dituzte: «Diru sarrerak %50ekoak badira, hartutako neurrien ondorioz tasak ere %50ekoak izan daitezela».

Nolako neurriak hartu erakundeetatik, Kataluniako Generalitatea jarri dute adibidetzat: ixtera behartuta dauden lokalen alokairua erdira jaistea ezarri du. Zergei dagokienez, udal tasak eta bestelakoak jaisteko eskatu dute, eta BEZa aldi beterako murrizteko. Aldi baterako erregulazioan dauden langileei unean bertan ordaintzeko eskaria gehitu dute.

Sektorea «desagertzear» ikusten dute. Salatu dute beste sektore batzuetan ez dituztela hartu gisa bereko neurriak: nabarmendu dute tabernetan ez beste leku batzuetan kutsatzen dela jende asko.

Horiek horrela, aldarrikapenak kalera aterako dituzte ostalariek. Azaroaren 7an egingo dituzte manifestazioak, 17:30ean: Donostian, Bulebarrean; Bilbon, Moiua plazan; Iruñean, Gazteluko plazan, eta Gasteizen, Bilbo plazan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.