Polonia

Milaka pertsona atera dira kalera Polonian, abortatzeko eskubidearen aldeko greba egunean

«Elizak defendatzera» ateratzeko eskatu die jarraitzaileei Jaroslaw Kaczynski lehen ministrordeak. Haren eskuineko PiS alderdiak bultzatu du abortatzeko eskubidea murrizteko egitasmoa.

Manifestar bat "Gobernu honek boterea kentzen die emakumeei" mezua eakusten, gaur, Krakoviako protestan. ART SERVICE 2 / EFE
Jone Bastida Alzuru - Edu Lartzanguren
2020ko urriaren 28a
18:00
Entzun

Emakumeek eskolak, unibertsitateak, lantegiak eta bulegoak hustu dituzte, eta kaleak bete. Greba eta protesta eguna eduki dute gaur Europako iparraldeko herrialdean, abortatzeko eskubidea murrizteko joan zen astean emaniko epaiaren aurka.

Joan den ostegunean Auzitegi Konstituzionalak erabaki zuen legez kanpokotzat jotzea malformazioren bat duten umekien abortua. Epaiak bakarrik hiru kasutara mugatu du legezko abortua: haurdunaldia bortxaketa baten edo intzestuaren ondorio denean, edo amaren osasunarentzat arrisku larria dakarrenean. Erabakia behin betikoa da, eta ezin da haren kontrako helegiterik jarri, baina ez da indarrean sartuko Poloniako Aldizkari Ofizialean argitaratu arte, eta oraindik ez dute argitaratu. Horregatik, legearen aurkakoek erabaki dute eskuin muturreko gobernua kalean estutzea.


Abortatzeko eskubidea murrizten duen legearen aurkako protestariak, gaur, Varsovian. PAWEL SUPERNAK / EFE

Geroztik, zazpi egunez etengabeko mobilizazioan daude murgilduta herrialde osoan. Gaurko greba egunean, milaka pertsona atera dira herrialdeko hiri nagusietako kaleetara.

«Gerra da»

Varsovian dozenaka mila pertsona elkartu dira, eta protestek hartu duten leloa oihukatu dute: «Gerra da». Izan ere, emakumeen eskubideen aldeko taldeek eta ezkerreko alderdiek gerra deklaratu diote PiS Legea eta Justizia eskuin muturreko alderdiari eta haren buruzagi eta Poloniako lehen ministrorde Jaroslaw Kaczynskiri. Izan ere, alderdiko diputatu talde batek aurkeztutako helegitearen ondorioz eman du epaia auzitegiak. Alderdiak berak izendatu zuen Auzitegi Konstituzionaleko presidentea, Julia Przylebska epaile kontserbadorea, eta Europako Batasunak ere gaitzetsi egin du hura izendatzeari bide eman dion erreforma; Poloniari isuna jartzeko prozesua zabaldu du.


Krakovian ere milaka pertsona bildu dira protestan. Art Service 2 / EFE

Kaczynskik «elizak defendatzera» dei egin die bere jarraitzaileei. Protestariek Polonia «suntsitu» nahi dutela gaineratu du. Oposizioak, berriz, «gerra zibilera bultzatzea» egotzi dio.

2016an ere deitu zuten abortuaren auziari lotutako greba feministara, eta 200.000 lagun inguruk bete zituzten karrikak. Orduan, Jaroslaw Kaczynski lehen ministro zenaren asmoen aurka batu ziren: hark abortua debekatzea zuen helburu.

Varsoviak abortuari buruzko Europako legedirik murriztaileenetako bat du.


Jaroslaw Kaczynski lehen ministrordea eta abortatzeko eskubidea murrizteko erreformaren bultzatzailea, gaur, legebiltzarrean.
Radek Pietruszka / EFE

Egunotan ehunka herritar atera dira auzitegiaren epaiaren kontra protesta egitera, bai hiriburuan, bai gainerako hainbat herritan. Bideak blokeatu eta mezu irmoak zabaldu dituzte, pankarta eta oihu bidez: emakumeen infernua eta hau gerra da, kasurako.

Poliziak manifestarien aurka jo du horiek sakabanatzeko, eta atxilotuak ere izan dira. Varsoviako elkarretaratze puntuen artean daude gortearen egoitza eta Jaroslaw Kaczynski lehen ministrordearen etxe inguruak. Hark bideratu zuen, hain justu, errekurtsoa.

Art Service 2

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.