Antzokiak, zinemak eta ostalaritza itxiko dituzte Alemanian

Astelehenean sartuko dira indarrean neurriak, eta gutxienez bi aste iraungo dute. Etxe bakoitzean ezin izanen dira hamar pertsona baino gehiago bildu.

Tabernar bat lanean Berchtesgaden. FILIP SINGER, EFE
Ainhoa Larretxea Agirre.
2020ko urriaren 28a
18:34
Entzun

Azken egunetan kutsatu kopuruak gora egin ondotik, koronabirusaren hedapena gutxitzeko neurriak iragarri ditu gaur arratsaldean Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak. «Erabakiak orain hartu behar dira», nabarmendu du kantzilerrak. Hala, taberna, jatetxe, antzoki eta zinemen itxiera iragarri du. Neurriak azaroaren 2an sartuko dira indarrean, datorren astelehenean, eta gutxienez bi aste iraungo dute. Horrez gain, mugatu eginen dute establezimenduetan egon daitekeen gehienezko pertsona kopurua. Metro karratu bakoitzeko pertsona bakarra egoten ahalko da.

Merkelek aitortu du egoera «gainezka» egitear dagoela: «Egun, ez dakigu nondik datorren kutsatzeen %75, eta aztarnariek ezin dute beren lana behar bezala egin», nabarmendu du. Alemaniako herritarrei eskatu die ahal bezainbertze murrizteko bidaiak. Haurtzaindegi eta eskolek irekita jarraituko dute, eta hamar pertsonara mugatu dute etxe bakoitzean egon daitekeen gehienezko pertsona kopurua.

Merkelek iragarri du gobernuak diruz lagunduko dituela itxieren ondorioz galerak dituzten negozioak. Itxierak iraunen duen bi asteen ondotik, landerretako lehendakariekin bilduko da Merkel, eta neurriak luzatu edo ez erabakiko du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.