Espainiako Vuelta

Roglicentzat garaipena Moncalvillon

Lehia polita eskaini du esloveniarrak Richard Carapaz liderrarekin. 13 segundoren aldea dago bien artean orain sailkapen nagusian.

2020ko urriaren 28a
19:06
Entzun

Igandean Formigalen amaitu zen etapan eduki zuen arreta faltaren ondoren, mendate batean amaitzen zen hurrengo etapan Vuelta irabazteko hautagai sendoa dela gogorarazi dio Primoz Roglicek (Jumbo Visma) Richard Carapaz liderrari (Ineos). Esloveniarrak lasterketako zortzigarren etapa irabazi du, Moncalvilloko gainean, eta, elastiko gorria berreskuratu ez badu ere, 13 segundora gutxitu du Carapazekiko aldea, eta bien arteko lehia puri-purian da, etapan ikusi den bezala. Bien arteko buruz-burukoa izan da. Roglicek azken txanpan egin du eraso, eta, etapa irabazteaz gain, aldea atera die beste zenbait hautagairi: 13 Carapazi, 19 Dan Martini, 33 Carthyri eta 1.33 Esteban Chavesi. Sailkapen nagusia estutu egin da lehen bost postuetan, eta, hortik aurrera, aldeak handitu egin dira.

Ibilbide exijentea izan du etapa, 3.025 metroko desnibela pilatuz. Zazpi txirrindularik egin dute aurrera. Tartean ziren Rui Costa eta Cavagna. Atzetik, bost txirrindulari bakarrik eduki arren, Ineosek tropelaren ardura hartu du. Chris Froomek gregario elastikoa jarri du, Carapazen alde lan egiteko. Baina erritmoa ez zen bizia, eta iheslariek bost minuturen errenta lortu dute. Movistar ez zegoen gustura lasterketaren bilakaerarekin, eta urratsa egin du, abiadura handitzeko. Horrek eragina izan du. La Rasako mendatearen gainean aldea erdira murriztu da. Ineosen, Jumbo Vismaren eta Movistarren arteko lehia bizitu egin da, lasterketako talderik indartsuena nor den erakusteko.

Jaitsiera bizia izan da, tropela luze jarriz. Movistarrek azeleragailua zapaltzen jarraitu du, eta orduko 70 kilometroko abiadura ezarri du. Horren ondorioz, tropela txikituz joan da, 50 bat txirrindularitan geratu arte. Eguneko mendate nagusia geratzen zitzaien aurretik, Moncalvillo (8,3 kilometro, %9,2 eta %15 arteko pendizarekin). Igoeran, Valverdek egin du lehen ahalegina, faboritoen multzoa gehiago tenkatuz. Gesinkek eta Andrey Amadorrek erantzun dute. Baina Woods izan da benetako selekzioa egin duena. Hor hasi dira Carapazen eta Roglicen arteko erasoak. Ahalegintzen aurrena Carapaz izan da, baina ondo eutsi dio Roglicek. Kostata bada ere, Martin, Vlasov eta Carthy bi faboritoengana ailegatu dira. Helmugara iristeko 1,2 kilometro falta zirenean jo du lehen kolpea. Sufrituta erantzun dio Carapazek. Baina Sloveniarrak bazekien hurrengo ahaleginean nekez eutsi ahal izango ziola ekuadortarrak. Eta hala gertatu da. Asteburuan, Asturiasko mendateak dituzte zain Roglicek eta Carapezek,berriro ere mokoka aritzeko. 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.