Pentsioak

LABek argi baino itzal gehiago ikusi ditu pentsioen erreforma proposamenean

Toledoko Itunak onartutakoak «ez du bermatzen eredu publikoaren jasangarritasuna». Garbiñe Aranburuk kritika egin die euskal erakundeek duten rolari: «Begirale soilak dira»

Garbiñe Aranburu, gaur, Bilbon. LAB
Imanol Magro Eizmendi.
2020ko urriaren 28a
19:22
Entzun

Garbiñe Aranburu LABeko idazkari nagusiak argi baino itzal gehiago ikusi ditu pentsio sistema erreformatzeko proposamenen artean. Sindikatuko buruak aztertu egin ditu, eta, haren ustez, gomendioek ez dute pentsio sistema publikoaren «jasangarritasuna» bermatzen. Hori ikusita, argi du euskal erakunde publiko eta sindikatuek «bide propioa» egin behar dutela, eta aurreratu du bere sindikatuak aurki ezagutaraziko duela prestatzen ari den Gizarte Segurantzako sistema propioaren proiektua. Aranburuk duela bi aste Barakaldon 500 delegaturen aurrean emaniko hitzaldian aurreratu zuen proposamen hori diseinatzen ari direla.

Aranburuk Euskal Herrian ikusten du Toledoko ituna delakoak ezartzen dituen baldintzak hobetzeko aukera. «Hemendik ezin gara mugatu Madrilgo negoziazioen begirale soilak izatera. Ereduak aldaketa sakona behar du, eta ezinbestekoa da sistema propioa eratzea». LABek eskaera hori plano teorikotik lurrera ekarriko lukeen lege baten idazketan dihardu. «Autonomia Estatutua eta Foru Hobekuntza betetzearekin ez da aski; kudeaketa jaso baino ez dute egiten. Egungo markoa hobetu behar da». Alde horretatik, LABek atea ireki die pentsiodunen mugimenduari eta gizarte eragileei iradokizunak bidal diezazkieten.

1.080 euroko pentsioa

Bien bitartean, baina, Espainiako Gobernuak eta Gorteak arautuko dituzte hego euskal herritarren pentsioak, eta Aranburu kritikoa da erreformaren nondik norakoekin. «2011ko eta 2013ko erreformak ez dituzte atzera botako, eta haiek asko gogortu zituzten baldintzak. Murrizketak egin dira, eta tarte handiak daude langileen azken soldaten eta pentsioen artean». Aranburuk datuz hornitu du azalpena: «1.080 euroko gutxieneko pentsioa eskatzen dugu. EAEko emakumezkoen %70 ez dira kopuru horretara iristen, eta Nafarroan %75 dira. Gizonen kasuan, %35 eta %38 ez dira iristen, hurrenez hurren».

LABeko buruaren ustez, erreforma «zorretan» dago emakumeekin, ez dielako aitortzarik egiten eremu pribatuan aritu diren zaintzaileei. Era berean iritzi dio pentsio pribatuak eta erretiro adina atzeratzea sustatzen dituela. «Eta aurkakoa egin beharko luke. 60 urtera jaitsi beharko litzateke gazteak lan munduan sartzeko».

Jasangarritasun ezaren kritika argudiatzeko, egiturazko neurririk ez dagoela salatu du, baita batzuk iradoki ere: «1.200 euroko gutxieneko soldata kotizazioak hobetzeko, soldata altuenen kotizazio muga kentzea, zerga politika berraztertzea...». Dena, baina, ez da kritika, elementu positibo bat ere nabarmendu du: pentsioak KPIaren arabera berrikusteko aukera. Dena den, zehaztasun bat erantsi dio: «Beti ere legez bermatzen bada».

Pentsiodunekin bat

LAB sindikatuak, bestalde, bat egin du pentsiodunen mugimenduak eta zahar etxeetako erabiltzaileen senideek etzirako deituriko mobilizazioekin. Aranburuk parte hartzera deitu ditu afiliatu eta delegatu guztiak.
 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.