Udaberrikoa baino malguagoa izanen da Ipar Euskal Herriaren konfinatzea

Maskara nahitaezkoa izanen da 6 urtetik gorako haurrentzat. Kulturaren sektorea erabat geldirik egonen da. EH Baik kritikatu ditu konfinamendu neurriak.

Orain arte 11 urtetik gorako haurrek soilik jantzi behar zuten maskara. GUILLAUME FAUVEAU
Oihana Teyseyre Koskarat.
2020ko urriaren 29a
10:49
Entzun

Ipar Euskal Herriaren konfinatzea iragarri zuen Emmanuel Macron Frantziako presidenteak atzo, baina udaberrian baino malguagoa izanen dela azaldu du Jean Castex lehen ministroak. Lanera eta ikastetxera joateko aukera izanen dute herritarrek, baina aisialdirako aukera azkarki mugatua izanen da. Aldarrikapen manifestazioak ere baimenduak izanen dira, betiere prefeturan deklaratuak badira.

Eskolak irekiak izanen dira, haurtzaindegietatik lizeoetaraino, eta lan sektore gehienek ere funtzionatzen segituko dute, «baitezpadakoak» ez diren komertzioek salbu. Ahal den heinean telelana lehenesteko eskatu du Castexek. Egunean ordu batez, kirola egitera edo etxe animaliak paseatzera ateratzen ahalko da, Frantziako Gobernuak horretarako prestatu duen ziurtagiria hartuta, eta gehienez ere etxearen inguruko perimetro bateko eremuan. Bestelako salbuespen batzuk badakartza ziurtagiriak.

Kirol gelak itxiak izanen dira, eta taldeko kirol jarduerak, debekatuak; parkeak, oihanak eta hondartzak irekiak izanen dira. Haurra eskolara laguntzeko edo gizarte egituretara joateko baimena izanen da. Postetxeak eta bankuak irekiak izanen dira. Hotelek jarduera atxikiko dute, ezinbesteko bidaia profesionalentzat. Supermerkatuak eta handizkako saltegiak irekiak izanen dira, baita kanpoko merkatuak ere.

Eskolak irekiak izango badira ere, osasun protokoloa gogortzea erabaki du Castexek: maskara baitezpadakoa izanen da 6 urtetik gorako haur guztientzat. Horrez gain, ordutegiak ere egokitu beharko dituzte ikastetxeetan, ikasleen arteko gurutzatzeak ahal bezain bat saihesteko. Eskolaz kanpoko jarduerak ez dira eginen.

Bestalde, Omiasainduz hilerriak bisitatzera joatea baimendu du lehen ministroak, eta, anartean, lore saltegiak irekiak egonen dira. Asteburura arte «malgutasuna» egonen da Frantziako Estatuko eskualde batetik bestera igarotzeko, bakantzen bukaera dela eta. Aldiz, astelehenetik aitzina debekatua izanen da eskualde batetik bestera pasatzea premiazko arrazoi batengatik ez bada.

Kulturaren sektorea, aldiz, geldirik egonen da: zinemak, ikusgarriak eta bestelako aktibitate kulturalak publikoarekin egiteko debekua ezarri du ministroak. Nabarmendu du «prestakuntza lana» egiten segitzen ahalko dutela artistek —errepikak eta film grabaketak, adibidez—.

«Ekonomiari bai, bizi sozialari ez»

 EH Baik kritika egin die Emmanuel Macron Frantziako presidenteak iragarritako konfinamendu neurriei. «Salbuespen egoera bat inposatzen digu gure askatasun kolektibo eta indibidualak murriztuz, boteretsuen onerako den sistema bat mantenduz, txikiak zapalduz eta gure osasun sistema hobetzeko neurririk hartu gabe», adierazi du ezkertiar eta abertzaleen mugimenduak ohar batean. Deitoratu du Frantziako Gobernuak ez duela «irakaspenik» atera udaberrian izandako konfinamendutik. «Nagusi handiek inposatutako neurriak aplikatzen ditu. Datozen asteetan lanegiteko baimena besterik ez dugu izanen. Bukatu dira aisialdiak, lagun arteko topaketak eta beste... Ekonomiari bai, bizi sozialari ez».

Horrez gain, EH Baik salatu du Macronek ez duela aipatu ere egin konfinamenduak eskatzen duen «segimendu soziala». «Enpresa ertain-txikiak, komertzianteak eta artisauak ahaztuak dira. Liburutegiek ateak hesten dituzte, baina Carrefour-ek liburuak saltzen segituko du. Tokiko jatetxe eta komertzioek itxi behar dute, baina McDo-ren drive zerbitzua zein sare bidezko salmentak bermatuak dira. Frantziako presidenteak, prekarioenak osasun krisi honen lehen biktimak direla onartu badu ere, egoera konpontzeko edo, behintzat, ondorio kaltegarri eta katastrofiko horiek arintzen saiatzeko lehen neurri sozialak itxoiten ditugu oraindik».

EH Baik eskerrak eman dizkie osasungintzako langileei, eta osasun arloko baliabideak handitzeko eskatu du, «biziak salbatu eta lan baldintzak hobetzeko». Frantziako Gobernuak «anbizio handiko hautuak» egiteko eskatu du, arlo sozialari, hezkuntzari, osasunari eta tokiko ekonomia sareari «beharrezko baliabideak» emateko. «Justizia soziala berreskuratu behar dugu ahulenak COVIDaren biktimak izan ez daitezen. Herri mobilizazioa inoiz baino beharrezkoagoa izango da gure giza eskubideak defendatzeko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.