Frantzia

Nizan hiru pertsona hil dituzte eliza batean, labankadaz

Alkateak esan du «atentatu terrorista bat» izan dela. Ustezko erasotzailea atxilotu egin dute. Avignonen, Poliziak gizonezko bat hil du, hark poliziei labana batekin mehatxu egin ondoren.

Frantziako Polizia, Nizako Notre Dame elizaren inguruan. SEBASTIEN NOGIER / EFE
2020ko urriaren 29a
10:52
Entzun

Gutxienez hiru pertsona hil dira, eta hainbat zauritu, Nizan (Frantzia), labana batekin eliza baten inguruan egindako eraso batean. Ustezko egilea atxilotu egin dute, Christian Estrosi alkatearen esanetan. Erasoa «atentatu terroristatzat» jo du Estrosik, baita Eric Ciotti diputatuak ere.Gerald Darmanin Barne ministroak adierazi du polizia operazio bat abian dagoela, eta larrialdi unitate bat sortu dutela. Erasoa 09:00ak aldera gertatu da. Nice-Matin egunkariaren arabera. Erasotzailea Notre Dame elizara sartu da labana batekin.

France Presse agentziak esan du atxilotu egin dutela. BFMTV katearen hitzetan, berriz, ospitale batera eraman dute, atxilotu duten poliziek tiroz zauritu dutelako.

Nizako erasoa izan eta ordu gutxira, Poliziak gizonezko bat hil du Avignonen. Europe 1 irrati katearen arabera, ustezko erasotzaileak labana batekin mehatxatu ditu poliziak.

Inork zuzenean islamismoarekin lotu ez badu ere, giroa gori dago azken asteetan. Duela aste gutxi, islamista batek Samuel Paty historia irakaslea hil zuen, hark ikasleei Mahomaren karikatura batzuk erakutsi zizkielako, ikasgelan adierazpen askatasunaren gaiaz eztabaidatzeko. Haren omenaldian, Emmanuel Macron Frantziako presidenteak esan zuen ez ziotela uko egingo karikaturak egiteko eskubideari.

Ordutik, elur bola handitu eta handitu egin da. Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidenteak herritarrei eskatu die Frantziako produkturik ez erosteko, eta Macronen sostengu mezuak protestak eragin zituen hainbat herrialde musulmanetan. Besteak beste, Turkian, Jordanian eta Iranen agintariek gaitzetsi egin dute Frantziako presidenteak hartutako jarrera.

Aste honetan, Frantziako Charlie Hebdo aldizkari satirikoak Erdoganen karikatura bat eraman du azalera, eta Turkiako presidenteak adierazi du «behar diren neurri legal eta diplomatikoak» hartuko dituela aldizkariaren kontra.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.