Egoiliarrei irtetea debekatzea salatu du Gipuzkoako Senideek

Azaldu dute gaixotasunik ez duten egoiliarrei ere kalera irtetea debekatu dietela. Bermeak eskatu dizkiote aldundiari bisitak antolatu ahal izateko.

Egoiliar bat bere logelan. MARCIAL GUILLEN/EFE
Maria Ortega Zubiate
2020ko urriaren 29a
11:56
Entzun

Pandemiaren hedapenaren aurkako neurriek are gehiago gogortu dute zahar etxeetako egoera, eta orain egoiliarrak ezingo dira irten zentroetatik. Gipuzkoako Aldundiak neurri hori hartu zuen urriaren 23an, eta azaroaren 2ra bitarte luzatuko da, baina aukera badago neurria gehiago luzatzeko. Gipuzkoako Senideak elkarteak salatu du neurri hori «egoiliarren oinarrizko eskubideen aurka» doala, gaixorik ez dauden egoiliarrak ere egoitzatik irten gabe egotera behartzen dituelako. Horrez gain, adierazi dute bisitak egoitzaren ahalmenen araberakoak direla. Bermeak eskatu dizkiote Gipuzkoako Foru Aldundiari, bisitak egoitza guztietan antolatu ahal izateko.

Gipuzkoako Senideak elkarteak gaitzetsi egin ditu Gipuzkoako Aldundiaren neurriak: «Ez da bidezkoa egoiliar guztiei irteerak debekatzea, besterik gabe». Debeku hori «guztiz diskriminatzailea» dela salatu dute, zerbitzu eta laguntza ekonomikoak jaso baina etxean bizi direnek bermatua dutelako mugitzeko eskubidea. Gainera, elkarteak gehitu du etxeetan baimenduta daudela bisitak, sei pertsonako taldeetan bada ere; egoitzetan, ordea, bakoitzaren instalazio eta ahalmenen araberakoa da.

Hori horrela, egituragatik zailtasunak dituzten egoitzetan baliabideak jar ditzala eskatu diote aldundiari, bisitak behar adinako bermearekin antolatu ahal izateko. Hori gertatu ezean, banakako eta taldeko salaketa kanpaina hasiko duela jakinarazi du elkarteak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.