Espainiako aurrekontuak

Dieselaren zerga EAJrekin negoziatzeko prest dago Madril

Jeltzaileei lasaitasun mezua bidali die Montero Ogasun ministroak, eta ziurtatu du ados jarriko direla, gai horretan eta «beste batzuetan».

Maria Jesus Montero Ogasun ministroa eta Aitor Esteban EAJko diputatua, hizketan, otsaileko irudi batean. J.J. GUILLEN (EFE)
jokin sagarzazu
2020ko urriaren 29a
12:19
Entzun

Maria Jesus Montero Espainiako Ogasun ministroak adierazi du «teknikoki» posible dela dieselaren gaineko zergari ezarritako igoera kentzea 2021eko aurrekontuen tramitazioan, EAJk eta Ciudadanosek eskatu duten moduan. Monterok azaldu duenez, posible da beste diru sarrera batzuk aldatuta, edo gastu batzuk murriztuta. «Badago horretarako tarterik». Gobernuak 450 milioi euro bildu nahi ditu igoera horrekin —lau zentimo gehiago litro bakoitzeko—.

Monterok berretsi du gobernuak espero duela talde parlamentario gehienen babesarekin ateratzea aurrekontuak. «Nahiago nuke beto gurutzatuak gaindituko bagenitu», adierazi du, azken orduetan Ciudadanos aurrekontuak babesteko hautagaien artean sartu ondoren, eta beste alderdi batzuek agertu duten mesfidantza ikusirik.

Dieselaren afera asteartean hasi zen. Monterok aurrekontuaren ildo nagusiak jakinarazi baino ordu batzuk lehenago, EAJk esan zuen osasun pribatuaren eta irakaskuntza itunduaren BEZaren igoera gelditzea lortu zuela, eta beste hainbeste dieselarekin. Baina, azkenean, aurrekontu egitasmoan sartu zuen, eta horrek jeltzaleen haserrea eragin zuen.

Gainera, Ciudadanos tartean sartu da. Aurrekontuak babestuko dituela adierazi zuen atzo, eta hori egingo duela gobernuak dieselaren igoera kentzeko «konpromisoa» hartu zuelako, aurrekontuen tramitazioan, zuzenketa bidez. Ordu batzuk geroago, Monterok gezurtatu egin zuen halakorik egin izana, eta berretsi zuen EAJ izango dela gobernuaren lehentasuneko bazkidea legealdi osoan. «[Haiekin] adostasuna egongo da, bai gai honi dagokionez [diesela], bai beste bati dagokionez», azpimarratu du aurrekontuen negoziazioari buruz.

Azken orduetan harremanak gaiztotu diren arren, EAJk aurrekontu proiektua babestearen aldeko jarrerari eusten dio. Baina euskal industriari —autogintza, garraioa...— argi utzi nahi izan dio neurri hori ez dela bere kontua. Eta gobernuari agerian utzi dio ez duela ezeren truke emango bere babesa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.