Positiboek gora egin dute Hegoaldean, eta 1.777 kasu atzeman dituzte

Egindako PCR eta antigeno probetan ere gorakada egon da, eta 21.443 proba egin dituzte. Txibiteren iritziz, «zailak» izango dira udazkena eta negua, eta Eusko Jaurlaritzak uste du «egun batzuk» itxaron beharko dela ezarritako neurrien eragina zein den ikusteko.

Pertsona bat COVID-19a saihesteko maskara eta babesgarri bat jarrita, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
2020ko urriaren 29a
13:03
Entzun

Positiboen kopuruak gora egin du Hego Euskal Herrian, eta azken orduetan 1.777 kasu atzeman dituzte. Hain zuzen, bigarren olatuan erregistratutako kopururik handiena da. Joan den igandean, urriaren 25ean, 1.710 positibo atzeman zituzten, baina gainontzeko egunetan ez da kopuru handiagorik jaso. Emandako datuen arabera, egindako PCR eta antigeno probek ere gorakada izan dute azken orduetan. 21.443 proba egin zituzten atzo, herenegun baino 1.883 gehiago, eta egindako proba horien artean %8,29k eman dute positibo.

Kasu gehienak Gipuzkoan atzeman dituzte: 564 herritarrek eman dute positibo probetan. Nafarroa eta Bizkaia ere ez daude kopuru horietatik urrun. Nafarroan, 551 positibo erregistratu zituzten atzo, eta Bizkaian 524 izan ziren. Araban, berriz, 125 pertsonak eman dute positibo, eta gainontzeko hamahiru kasuak EAEtik kanpo bizi diren herritarren artean jasotakoak dira.

Ospitaleetako egoerari dagokionez, oraingoz, 755 pertsona daude ospitaleratuta Hegoaldean, eta horietatik 129 zainketa intentsiboetako unitatean daude.

Neurriak eta eragina

Nafarroako Parlamentuan politika orokorreko osoko bilkura egin dute gaur goizean. Maria Txibite Nafarroako Gobernuko presidenteak COVID-19ak «zipriztindutako» egoeraren gaineko diskurtso bat egin du. Haren hitzetan, udazkena eta negua «oso zailak» izango dira, eta datozen hilabeteei «sendo» eutsi beharra dago. Are, Nafarroako Gobernuak datorren astean onartuko duen 2021eko aurrekontuaren aurreproiektua ere oinarri izan du. Jakinarazi duenez, lehen arretako osasun etxeetan inbertitzea da asmoa.

Jonan Fernandez Eusko Jaurlaritzako COVID-19aren batzorde teknikoko koordinatzaileak, berriz, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako egoera izan du oinarri. Haren arabera, «egun batzuk» itxaron behar da ezarri diren neurri murriztaile «indartsu eta zorrotzen» eragina zein den ikusteko. Hain zuzen, Onda Vasca irratiak eginiko elkarrizketan, gaineratu du etxeko konfinamendua saihesten ere saiatuko direla, «kosta ahala kosta», baina ezin daitekeela «zeharo» baztertu. Gainera, adierazi du ez dela aski agintariek neurriak ezartzea, eta herritarrei dei egin die horiek betetzeko. Esate baterako, eskatu du datozen asteetan eta hilabeteetan harremanak murrizteko, eta gertuko harremanen burbuilak «bospasei pertsonakoak» izateko.

Sagarduiren agerraldiak, Legebiltzarrean

Hemendik aurrera, Eusko Legebiltzarrean aldizkako agerraldiak egingo ditu Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan izurriteak duen bilakaeraren inguruko berriak emateko bertako politikariei. EAJk eta PSE-EEk begi onez ikusten dute agerraldi horiek egitea. Uste dute «egokia» dela legebiltzarkideei «egoera epidemiologikoaren eta asistentzialaren» berri ematea, eta baita ospitaleak nola dauden azaltzea ere.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.