Euskara

EAEko Arartekoa kezkatuta dago pandemia garaian hizkuntza eskubideak urratu direlako

Zerbitzu publiko batzuetan euskaraz artatua izateko eskubidea ez dela bete salatu du Arartekoak, eta gogora ekarri herritarrek aukera izan behar luketela nahi duten hizkuntza ofizialean hitz egiteko.

jarraia188993.jpg
Lander Muñagorri Garmendia.
2020ko urriaren 29a
13:22
Entzun

Koronabirusak eragindako pandemian hizkuntza eskubideak urratu direla eta, EAEko Arartekoak esan du kezkatuta dagoela. Ohar bidez, zera adierazi du: “Erakunde honek jakin du euskaraz artatua izateko eskubidea ez dutela aintzat hartu zerbitzu publiko batzuetan”. Gogora ekarri du, gainera, Europako Kontseiluak ohartarazi zuela zein garrantzitsua den pandemia garaietan tokian tokiko hizkuntzak erabiltzea: “Norberak aukeratzen duen hizkuntza ofizialean hitz egiteko eta artatua izateko eskubidea ezin da jo, inolaz ere, bigarren mailako eskubidetzat. Hizkuntza eskubidea beste osagai bat bezala hartu behar da kalitateko zerbitzu publikoa eskaintzean, batez ere osasun zerbitzuan, horretan funtsezkoak baitira gertutasuna, konfiantza eta zainketa”.

Horregatik, Arartekoaren iritziz, agintariek ere erantzukizuna daukate pandemiari buruzko mezu guztiak euskaraz eta gazteleraz izan daitezela bermatzeko, “hizkuntza eskubidea bigarren mailara bazter ez dadin”. Azken hilabeteotan, euskalgintzako eragile ugarik salatu dute euskara bazterrean geratzen ari dela agintariek egiten dituzten agerraldi publikoetan eta eskaintzen diren zerbitzuetan. Kritika horri batu zaio, beraz, Arartekoaren abisua.

Alarma egoeran ezartzeko irizpideak, gazteleraz

Hain justu, atzo bertan UEMAk sare sozialen bidez jakinarazi zuenez, Ertzaintzak gazteleraz helarazi zizkien udalei eta udaltzaingoei oraingo alarma egoeran ezarri beharreko irizpideen inguruko zehaztapenak. Honela zioen UEMAk: “Larria da kontua. Euskaldunok bigarren mailako herritar bihurtzeaz gain, herriz herri, udalen webguneetan eta herritar gehienen mezularitza aplikazioetan dabilelako dokumentua, gaztelera hutsean. Erantzukizunak eskatu ditugu, baina publikoki ere salatu beharrekoa da”. Salaketa egin eta ordu batzuetara jaso zuten euskarazko bertsioa, eta udalen artean banatzen hasi zen udalerri euskaldunen mankomunitatea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.