Diru politika

EBZk iradoki du abenduan hartuko dituela neurri gehiago, ekonomia moteltzen ari delako

Konfinamenduen eta hainbat sektoreren itxieren ondorioz, azaroa txarra izango dela aitortu du Christine Lagardek.

EBZren egoitza, Frankfurten. RONALD WITTEK / EFE
Iker Aranburu.
2020ko urriaren 29a
15:43
Entzun

Tonu goibela itzuli da Frankfurtera. Koronabirusaren bigarren oldarraldiari aurre egiteko indarrean jarritako neurriek seko eten dute euroguneko ekonomiaren hazkundea, eta hurrengo datu ekonomikoak txarrak izango direla onartu du Christine Lagarde Europako Banku Zentraleko presidenteak. Ez du, ordea, ekonomia suspertzeko neurri gehiago hartu, baina iradoki du abenduko bileraren ondoren egingo duela hori. Dena den, «beharrezkoa balitz», prest legoke aurretik premiazko bilera bat egin eta neurriak aurreratzeko.  

Eurostatek gaur emango du 2020ko hirugarren hileko hazkunde datua. Datu ona izango da, erakutsiko baitu ekonomiak indarrez errebotatu zuela udaberriko hondoratzearen ondoren. Baina, hilabete eskas igaro den arren, iraganeko argazkia da Eurostatek emango duena. Udazkena, berez, irailean bertan hasi zen, lehen hostoak erori ahala erori baitziren errebote horri eusten zioten hainbat faktore. Motelaldi horrek bere hartan jarraitu du, eta azaroa «oso negatiboa» izango dela iragarri du Lagardek. Nahikoa azken hiruhilekoan berriro atzeraldia izateko? «Ez dakigu», erantzun zuen.

Hazkundearen amaiera «uste baino goizago» iritsi dela aitortu du Lagardek, eta zerbitzuetan gertatu dela azaldu du, industria oraindik kopuru positiboetan dagoelako. Zerbitzuen beheranzko joera sendotu egingo da hurrengo asteetan, konfinamenduek eta sektore batzuen itxiera partzialek kontsumoa apalduko dutelako.  

«Berregokitu»

Egoera horren aurrean, erantzuteko prest azaldu da EBZ. «EBZk bizkor eta indarrez erantzun zion COVID-19aren lehen olatuari, eta hala egingo dugu bigarren olatuan ere». Zehazki zer egingo duen ez du argitu Lagardek. Berez, gaurko agerraldiaren hitz gakoa «birkalibratu» izan da, behin eta berriro erabili baitu Lagardek xehetasunak jakin nahi zituzten kazetarien galderei erantzuteko. «[EBZren] Gobernu Kontseiluak bere tresnak berregokituko ditu, behar den moduan erantzuteko oraingo egoerari, ziurtatzeko finantza baldintzak lagungarri direla ekonomia suspertzeko, eta erantzuteko pandemia inflazioaren bidean izaten ari den eragin negatiboari».

Beste hitz batzuetan, PEPP zorra erosteko programa berezia handitzea ez ezik, bere eskura dituen beste tresna batzuk ere erabil ditzakeela abenduan. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.