Trebiñu eta Urduña Arabarekin batera egongo dira alarma egoeran

Alarma egoerari baiezkoa eman dio Espainiako Kongresuak: maiatzaren 9ra arte egongo da indarrean.

Trebiñu Arabako lurretan dago, baina Gaztela eta Leonen menpe. RAUL BOGAJO, FOKU
2020ko urriaren 29a
16:03
Entzun

Espainiako Kongresuak onartu egin du alarma egoera ezartzeko gobernuak egindako dekretua. Maiatzaren 9ra arte egongo da indarrean. Gobernuak gehiengo handiz atera du erabakia aurrera: aldeko 194 boto, 99 abstentzio eta 53 ezezko. Aldaketa bat egin dute hasierako planteamendutik: Pedro Sanchez presidenteak ez zuen nahi alarma egoera indarrean den artean aldian-aldian Kongresura joan beharra izaterik, baina atzera egin du azkenean: bi hilean behin joango da pandemiaren egoerari buruzko kontuak ematera.

Bozketan, beste zuzenketa bat ere onartu dute Kongresuan. EAJk eskaera bat aurkeztu du Trebiñu eta Urduña Arabarekin egon daitezen alarma egoeran; Trebiñu Gaztela eta Leonen menpe dago, nahiz eta Arabako lurretan egon, eta Urduña, berriz, Bizkaiko udalerria da, nahiz eta Arabako eta Burgosko lurren artean egon. Bertako bizilagunen joan-etorriak errazteko neurria da Kongresuan hartutakoa. Trebiñuko bi udalek eskatua zuten, adibidez, haien egoera kontuan hartzea, inguruko herrietara joateko arazo handiak zeuzkatelako —beste erkidego bat denez Gaztela eta Leon, arau horiekin ezingo lirateke Arabako herrietara joan—.

Indarrean jarritako alarma egoera ez da udaberrikoaren gisakoa izango. Espainiako Gobernuak ez du hartu eskumenen ardura, eta erkidegoetako lehendakariek izango dute gidaritza; alarma egoerak modua emango die oinarrizko eskubideetan murrizketak egiteko, kutsatzeak etete aldera. Hain justu, hori oinarri hartuta jarri dituzte egunotan indarrean joan-etorriak eta jendearen elkartzeak mugatzeko neurriak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.